Galizia-Portugal iparraldea (GNP), marka propioa behar duen euroeskualdea

hainbat

Mugaz gaindiko elkarlana indartze aldera, Galizia-Portugal iparraldea (GNP) euroeskualdea marka bateratua landu beharko lukete. Hori dio Regional Studies Association aldizkari digitalak argitaratu duen ikerketa batek. Ikerketaren egileak, Eduardo Oliveirak esan du CRA kontzeptua (Construcción de la Ventaja Regional) baliatuz euroeskualdearen domeinu ekonomiko, sozial eta kulturalak idenfitikatu daitezkeela, eta marka estrategia bateratu batek mugaz gaindiko harremanetako komunikazioa hobetu, ikusgarritasuna indartu eta ezagutza sustatuko lukeela.

Euroeskualdearen alderdi negatiboak ere azpimarratu ditu ikerketak, esaterako, administrazio erregional baten falta lurralde portugaldarrean; honek kudeaketa gaitasun eza eta legedi propiorik ez edukitzea dakar. Eta berean, eskualdeko aktiboen zatiketa eta makro-erregioaren egoera sozioekonomiko ere azpimarratzen ditu. Hala, koordinazioa indartzeko beharra defendatzen du ikerketak, bai eta lurraldearen berrantolaketa eta elkarlanerako oinarri sendoagoak ere.

Bi administrazioek dituzten kultura- eta hizkuntza- kidetasunak erabat positiboak dira marka bateratu baten bideragarritasunaren ikuspegitik, Euskadi-Akitaniak eskaintzen dutena baino dezente altuagoa. Izan ere, Euskadi-Akitaniak ere badute kidetasun maila euskal lurraldeen artean, baina horiek ahulagoa bilakatzen dira, ezinbestez, Akitania makro-erregioan. Eztabaida filologikoak alde batera utzita, kontuan izan behar da hizkuntza galaikoportugesa Kantauri kostaldetik Duero ibaiera arte zabaltzen zela Erdi Aroan, alegia, praktikan egungo GNP euroeskualdeko zonalde berean. Hile honetan bertan, hain zuzen ere, Culturaqueune ekimena aurkeztuko da A Coruña eta Amaranten, Miño ibaieko bi aldeetako harreman kulturak indartzeko helburua duena. Kultura oinarri, alegia, enpresari eta merkatariek barne merkatu berri bat topatu nahian dabiltza euroeskualdeak barne hartzen dituen lurraldeetan.

Egungo Galizia-Portugal iparraldea (GNP) euroeskualdeak 6,4 milioi biztanle hartzen ditu 51.000 kilometro karratuetan, alegia, Euskal Herriko biztanleriaren bikoitza baina pixka bat gehiago. Estatu espainiarreko Galiziako autonomia-erkidegoak eta Portugal Errepublikako Iparraldeko Erregio garapen eta koordinaziorako Kontseiluak (CCDR-N) osatzen dute euroeskualdea, azken hau Lisboako gobernu zentralaren menpeko organoa izanik. Bi administrazioen elkarlana 1991 urtetik dator, urte horretan sortu baitzen lanaren komunitatea. 2008 urtean, Agrupamento Europeo de Cooperación Territorial Galicia-Norte de Portugal (GNP-AECT) jaio zen, euroeskualdeari babesa ematen dion figura juridikoa.

Mugaz gaindiko kooperazioak, halaber, bi eurohiri hartzen ditu: Chaves-Verín eta Tui-Valença. Euroeskualdeko hiri nagusiak ondorengoak dira: A Coruña, Santiago, Vigo eta Lugo Galiziatik eta Viana do Castelo, Bragança, Braga, Guimaraes, Porto eta Vila Real Portugaletik.

Formakuntza eta enpresa arloetan erreminta partekatuak ditu euroeskualdeak, ECICII kasu, enpresari eta eragileen harremanak eta negozio berrien bilaketa erraztu nahi duen ekimena. Honek, esaterako, Iacobus programa sustatzen du, Erasmus programaren antzera, ikasle galiziar eta portugaldarrak trukatzen dituena (Galiziako hiru unibertsitateek eta Portugal iparraldeko lau eta hiru institutu politeknikok parte hartzen dute). Bestalde, tokiko produktu gastronomikoak babesteko kalitate zigilua ere du.

Informazio gehiago:

Primer foro del empleo de la eurorregión

Estructura Empresarial Conjunta (ECICII)

Observatorio de la Internacionalización

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak