Gazte asoziazionismoa, Zuberoaren tokiko garapenaren alde

hainbat

Desberdina al da gazte asoziazionismoa Euskal Herriko lurraldeetan? Lurralde batzuetan protestara bideratzen al da eta beste lurralde batzuetan ekintza pragmatikoagora? Ikerketa soziologiko sakonagoa beharko genuke halako baieztapena egiteko. Egia da, ordea, Hego EHan aurki ez daitezkeen zenbait ekimen martxan direla Ipar Euskal Herrian. Bertako legediak lagungarri da kasu askotan (Hego EHaren oso desberdina), baina baliteke landa inguruneko biztanleria gutxiko lurraldeak izanik, mugimendu asoziatiboek bide hori hartzeko joera izatea.

Duela aste batzuk, Nafarroa Beherearako Euskaldun Gazteria ekimenaren berri eman genuen eta gaurkoan beste esperientzia batera hurbilduko gara: Zuberoako Azia gazte elkartea. Euskal Herrian biztanleria gutxien duen lurraldea da Zuberoa, beraz, Azia bezalako ekimenak beharrezkoak dira tokiko garapen jasangarri baterantz urratsak emateko. Elkartea 1998 urtean jaio zen, nekazariei babes soziala ematen dien MSA mutualitatearen baitan egindako gogoeta batetik: Zuberoako gazteak euren herria utzi eta beste lurralde batzuetara joaten ari ziren, lan bila. Ondorioa garbia izan zen: elkartea sortu eta ekintza sorta zabala martxan jarri zen, besteak beste, gazteen eta eragile sozioekonomikoen arteko harremanak indartzeko, gazteen formakuntza eta informazioa zabaltzeko eta gazteei Zuberoan lan eta bizitzeko aukerak emateko, euren bizitza sozial nahiz profesionalean protagonistak izan daitezen bultzatuz.

Azia elkarteko oinarrietako bat interes gabeko diru prestaze sistema ( CLEJ ), Estatu frantsesean dagoen erreminta juridikoa: honi esker, pertsonen aurrezkiak enpresa eta lanpostuak sortzeko balia daitezke. Lehenengo kanpaina 2000 urtean izan zen, eta, geroztik, euren enpresa jarri duten 57 gazteri laguntza eman zaie; guztira 204.000 euro, interesik gabe mailegatu direnak. Horretarako, ia 2.000 pertsonek parte hartu dute CLEJ-en, urtero 180 euro jarrita. Diru hori hiru urteren buruan berreskura dezakete, interesik jaso gabe.

Gazte Informazio Gunea da elkarteak martxan duen beste jarduera. Gune honetan gazteei informazioa eskaintzen zaie, bai lan merkatuaren ingurukoa baita formakuntza eta ikastaroen ingurukoa ere. Honekin lotuta, Azia-k mugaz gaindiko gazteen formakuntza ere bultzatzen du: gazteek 8 asteko egonaldiak egiten ditzakete Gipuzkoako zenbait enpresatan.

Berriki, Azia-k beste ekimen bat martxan jarri du: “Xiberoan lan eta bizi”. Udalbiltzatik 6.000 euroko laguntza jaso du proiektuak eta, Xiberoako Herri Alkargoa eta ODACE-ren laguntzaz, Zuberoako lan merkatuaren prospekzioa burutu da. Ondoren, egoeraren inguruan gogoeta egite aldera, bederatzi bilera egin dira hainbat sektore ekonomikorekin, eta, honekin guztiarekin Ofizioen Gida bat lantzen ari dira, ikerketaren eta gogoetaren emaitzak islatuko dituena. Bi atal izango ditu: lehenik eta behin, Zuberoako ekonomikoaren ezaugarri nagusiak azalduko dira, eta, bigarren atalean, formakuntzarekin lotutako eskaintzak eta merkatuak bilatzen dituen lanbideak zehaztuko dira. Gida hau eskoletan banatuko dute.

Azia-k martxan jarri dituen ekimenei begira, dudarik gabe elkarte eredugarria dugu honakoa.

Informazio gehiago:

Xiberoa lan eta bizi – Joana Hoqui-ri elkarrizketa Enbatan

Xiberoa lan eta bizi egitasmoa hasiko dü Azia alkarteak – Xiberoko botza

Un guide pour l’emploi des jeunes – Sud Ouest

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak