Quebec, hirugarren erreferenduma egiteko gertu?

hainbat

Pierre Karl Peladeau enpresariak Parti Quebecois (PQ) alderdiaren buruzagitza hartu zuen maiatzean, eta subiranotasunari buruzko hirugarren erreferenduma egiteko bidea erraztu dezake horrek. Peladeauk berak iradoki du litekeena dela 2018an erabakiren bat hartzea horren inguruan, baina inkestak alde baldin baditu (eta halaxe ditu gaur egun), epeak laburragoak izan daitezke. Azken kontsulta duela hogei urte egin zuten, eta berdinketa teknikoa egon zen; oso gutxigatik irabazi zuen ez bereiztearen aldeko hautuak.

Quebecen subiranotasunaren inguruko lehen erreferendumaren 35. urteurrena izan da berriki, 1980ko maiatzaren 20an egin baitzuten. Orduan, Kanadako estatu federalarekin bestelako harremana izatearen alde egin zuten botoa eman zutenen %40,44ak, eta ezezkoa nabarmen nagusitu zen, botoen %59,56a batuta. Parti Quebecois alderdiak defendatutako tesiek porrot egin zuten, argi eta garbi.

Hamabost urte geroago, 1995eko urriaren 30ean, bigarren kontsulta egin zuten. Kasu horretan, zehatz-mehatz hitz egin zen Quebec eta Kanadaren arteko asoziazio akordio bat egiteari buruz. Orduan, botoak oso berdinduta egon ziren: baietz egin zuten botoa eman zutenen %49,42ak, eta ezetz %50,58ak.

Berdinketa tekniko horren ondoren, Kanadako gobernu federalak konstituzioaren erreforma bultzatu zuen, Quebecen izaera nazionala onartzeko (bertako biztanleriaren %80a frankofonoa da, eta %20a anglofonoa). Gainera, Konfederazio Kontseilua sortu zuten, eta Quebecek nazioartean rol propioa izatea ontzat jo zuten.

Hogei urte igaro dira bigarren erreferendum hori egin zenetik. Ordutik hona, askotariko egoerak bizi izan dituzte subiranotasunaren aldeko indarrek: Quebeceko gobernua gidatu dute eta hirugarren erreferenduma egiteko aukera iradoki, baina bai eta porrot handia jaso ere 2014ko apirileko parlamenturako hauteskundeetan. Izan ere, PQk 24 eserleku galdu zituen, eta jokoan zeuden 125 eserlekuetatik 30 baino ez zituen eskuratu, horrenbestez. Kanadatik bereiztearen aurka dagoen Parti Liberal du Quebec (PLQ) alderdia dago gobernuan orain, 70 eserleku lortuta (aurreko hauteskundeetan baino hogei gehiago). Gainera, subiranotasunaren aldeko mugimendua zatikatuta dago, Quebec Solidaire alderdiaren (hiru eserleku) sorreraren ondoren. Alderdi hori PQren ezkerrean dago politikoki. Bestalde, Coalition Avenir Quebec (CAQ) alderdi nazionalista eta kontserbadorea da, eta 22 eserleku ditu Quebeceko Asanbladan.

Porrotak Pauline Maurois lehen ministro ohiaren dimisioa ekarri zuen, eta horren ondoren, PQk hausnarketa eta barne eztabaida prozesua hasi zuen. Ondorioz, buruzagi berri bat aukeratu berri dute maiatzeko kongresuan: Pierre Karl Peladeau, komunikazioaren alorreko enpresaria eta Quebecor taldeko akziodun nagusia. %58ko babesa jaso zuen kongresuan. Peladeauk honela laburbildu du bere programa: “Quebec herrialde bihurtu nahi dut”. Behatzaileen ustez, aurki hirugarren erreferenduma egiteko asmoa dago mezu horren atzean.

Abiapuntu gisa, zenbait neurri planteatu ditu Peladeauk. Besteak beste, independentziari buruzko ikerketa institutu bat sortzea, independentziak herritarrei ekarriko lizkiekeen onuretan oinarrituta, lehia ideologikoa garatzeko. Gainera, Frantsesaren Karta sortzea proposatu du, ingelesaren nagusitasunetik babesteko; garraio sistemaren elektrifikazioa; hondamendiei aurre egiteko funts berezi bat eta digitalizazio programa garrantzitsu bat. Peladeauk maiatzaren 15ean hartu zuen PQren buruzagitza, eta ordutik argitaratu diren lehen inkesten arabera, Alderdi Liberalari nagusituko litzaioke, boto asmoa sei puntu igota.

Buruzagi berriak jakinarazi du 2018an hartuko duela erabakia bere alderdiak, independentziari buruzko erreferendum deialdia egitearen inguruan; izan ere, orduan izango dira Quebeceko Asanbladarako hurrengo hauteskundeak. Joan den urtarrilean PQren barne agiri bat atera zen argitara, eta horren arabera, alderdiak berriro gobernatuko balu, subiranotasunaren inguruko kontsulta ia berehala egitea izango litzateke bere lehentasuna. Peladeauk adi begiratzen dio Eskozian eta Katalunian gertatzen ari denari, eta jendaurrean goraipatu ditu bi kasuok.

Informazio gehiago:

El millonario y el Quebec soberano

1980ko erreferenduma

Discours de victoire du Pierre Karl Péladeau - Bideoa

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak