Enplegua Lea-Artibain, ekonomia urdinaren eskutik

varios

Lea-Artibaiko eragileek lehen sektorean enplegua sortzeko apustua egin dute, hori bai, bigarren eta hirugarren sektorearekin loturik egingo dute. Anbizio handiko helburu hori lortzeko ekonomia urdinaren alde egin dute, prozesu produktiboetatik eratorritako hondakinak aprobetxatu eta prozesu berrietarako baliatzen dituen metodologia. Pasa den maiatzaren 26an honen sortzaile nagusia, Gunter Pauli belgikarra, Markinan egon zen metodologia ezagutzera emateko jardunaldi batean, batik bat, gazte ekintzaileei zuzendutakoa.

Besteak beste, Paulik ekonomia urdinean oinarritutako zenbait kasu azaldu zituen, “iraultzaileak” eta “eraldatzaileak”: sare gabeko arrantza, burbuilak sortzen dituen ontzi baten bitartez lortzen dena; ahuakatearen haziekin egindako ogia, eguzki panelekin martxan den Hegoafrikako okindegi batean jadanik salgai dagoena edo Bangkok-eko luxuzko hotel bateko terrazan landatzen diren algak, xaboia edo espagetiak egiteko baliatzen dituztenak. Paulik adierazi zuenez, berrikuntza teknologikoan baino gehiago gakoa negozio berritzaileak asmatzean dago, eta horiek aurkitzeko balore propioetan oinarri behar dugu.

Azaro Fundazioak duela urte eta erdi ekin zion ekonomia urdinaren zabaltzeari, dibulgaziorako programa baten eta praktiken bitartez. Zergatik egin zuten halako apustua? Argi dute: ekonomia urdinak tokiko baliabideak aprobetxatzen dituen metodoa da eta lurralde baten jarduera ekonomiko desberdinen arteko konexioak bilatzen ditu. Ekosistema naturalaren logika jarduera ekonomikora ekartzen du eta lehentasuna ematen die tokiko proiektuei.

Horrela, Azaro Fundazioak eta Lea-Artibai Garapen Agentziak ekonomia urdinean oinarritutako enpresa eta partikularren proiektuak bilatzeko prozesua martxan jarri zuten. Proposamen guztietatik lau proiektu hautatu dituzte eta horiekin plan pilotuak egingo dituzte, ideia teorikotik errealitatera eraman daitezkeen ikusteko. Proiektu ezagunena Larruz gaztandegiarena da, ahuntz esnearekin gaztak egiten dituen fabrika. Honek 10 litro esne behar ditu gazte bat egiteko, negozioaren errentagarritasuna kolokan jartzen duena; hortaz, dibertsifikazio plan batean lanean ari dira, izozkiak egiteko asmotan. Izan ere, esne litro bakar batekin 5 litro izozki egin daiteke, eta, hala, irabazi margenak eta gaztandegiaren produktibitatea igo. Beste proiektu batek arrautza-granja baten hondakinak aprobetxatzea du helburu, sojaren erosketa murriztu edo etetera iristeko.

Ekonomia urdina, beraz, diseinu sistemikoaren aldekoa da; alegia, proiektu batekin aldi berean hainbat arazo konpontzea bilatzen da. Pauli-ren ustetan, gure herrian badira nahikoa baliabide ekonomia urdineko proiektuak martxan jartzeko, enplegua sortzeko eta gure natura eta kulturari erantzunez proiektu lehiakorrak egiteko.

Bere hitzaldian honakoa esan zuen: “lur aberatsa eta eskuzabala duzue, arren, ez landatu pinu gehiago”.

Informazio gehiago:

Ekonomia urdinaren inguruan… - Hitza

Lea-Artibaik ekonomia urdinaren alde – SPRI

Toki garapena Lea-Artibain – Azaro Fundazioa

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak