Etxeko lanari balio ekonomikoa emango bagenio?

hainbat

Lansari bat ez duen zeregina lana al da? XXI mendean bizi garen honetan baietz esango genuke. Haurtxo baten zaintza, gaixo bati arreta ematea, alabari ikasketetan laguntzea, etxebizitza garbitzea, arropak zabaltzea…. Horiek denak ordainsaririk gabeko lanak dira, alegia, egiten dituenak ez du eurorik jasotzen, gehienetan emakumeak izanik. Baina egun batean horiek egiteari utziko baliete, izugarrizko kolapso sozial batean aurrean geundeke, etxeko lanak gure bizimodua aurrera ateratzeko ezinbestekoak dira-eta.

Etxeko lanak balioan jartzea teoria feministaren aldarrikapenetako bat izan da beti. Proposamenak ugariak izan dira, esaterako, Estatuak “etxeko andreei” soldata bat jartzeko eskaera, baina lorpenak gutxi. Gauza bat argi dago: etxeko lanen monetazko balioa kalkulatuko balitz herrialdeen ekonomia guztiz eraldatuko litzateke.

Bilboko Emakume Ez-perfektuak kolektiboko May Serranok etxeko lanei balioa ekonomikoa emateko metodoa eratu du, Todo no incluido - Dena ez dago barne deiturikoa. Metodo sinplea da: astero etxean egiten ditugun lanetan zenbat denbora igarotzen dugun kalkulatu, orduari prezioa jarri eta faktura bat egitean datza. Zereginen artean daude, esaterako, plantxa, garbiketa eta joste-lanak, pertsona nagusien eta haurren zaintza, sukaldari-lanak, garbiketa edo psikologia lanak. Ekimen honen sortzaileak adierazi du webguneak bisita dezente jaso dituela eta 1.500-2.000 euro inguruko “fakturak” egin direla. Badira, ordea, zereginak zenbatzeko beldur diren emakume asko ere, Serranoren ustetan.

Hego Euskal Herrirako denboraren erabileraren inguruko azken datuen arabera (INE, 2010 urtea), gizonezkoen %84,4 etxeko lanen bat egiten du; emakumeen kasuan %93,3ak. Desberdintasun nabarmena, ordea, zeregin horietara bideratutako denboran dago: gizonek 2 ordu eta 37 minutu igarotzen dituzte eta emakumeek 4 ordu eta 26 minutu, alegia, ia bi ordu gehiago egunero.

Beste datuek ere joera bera erakusten dute. Adibidez, kirola egiteko baliatzen dugun denborari erreparatzen badiogu, Hego Euskal Herrian gizonen %49,5ak kirola egiten du eta 2 ordu eta 17 minutu bideratzen ditu horretara; emakumeek, aldiz, ordu eta 47 minutu bideratzen dituzte, eta kirola egiten dutenen portzentajea baxuagoa da: %42,8.

Etxeko lanen balioa kalkulatzeko urratsak eskasak dira oraindik eta hein batean ez dira zehatzak, soilik lau arlo kontuan hartzen dituztelako: etxebizitza, jana, zaintzak eta hezkuntza eta arropak eta beste lanak. 2008 urtekoa da azken datua, EAE mailakoa: etxeko produkzioak BPGaren %28,7 hartu zuen, alegia, 19.642.231 euro. Generoari begira, baina, produkzio horren %71,9a emakumeen lanarekin sortu zen eta %28,1 gizonenarekin. Arroparen zereginetan emakumeek %86,3a hartzen dute.

Nazioartera begira etxeko lanek herrialde baten BPGaren %25etik %45era har dezakete. Datuok, dudarik gabe, etxeko lanen dimentsioaren ideia garbia egiteko balio digute, kontuan izanik, gainera, estatistika horiek zeregin tradizionalenak bakarrik aintzat hartzen dituztela, ez denak. Gaur egun arte etxeko lanak BPGean sartzeko egin diren saiakerek ez dute emaitzarik eman.

Informazio gehiago:

Zein soldata dagokizu etxeko lanengatik?

Etxeko lanaren kontu satelitea

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak