Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko gainbehera sozialari planto eginez

hainbat

Ekainaren 13an, Ezkerraldeko zenbait elkartek eta gizarte kolektibok martxa bat egingo dute Santurtzi eta Sestao artean, eskualdeak bizi duen egoera salatzeko. Izan ere, desindustrializazioa gero eta handiagoa da bertan; bai eta langabezia tasa, gizarte bazterketa eta pobrezia ere. Oarsoaldean ere antzeko zerbait gertatzen da: bere garaian Gipuzkoako industriaren lemazainetako bat izanagatik, Bizkaian parekide duen eskualdekoaren moduko gainbehera soziala du orain. Pasa den maiatzean, Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen (EH Bilduren ekimenez) batzorde espezifiko bat sortzea, bi eskualdeok bizi duten egoera aztertzeko eta haien suspertze ekonomikorako neurriak hartzeko. Europar Batasunak berak baztertutako zonaldetzat jotzen ditu bi lurraldeok.

Batzordekideek bi eskualdeotako ekonomia, enpresa, gizarte, politika eta instituzio eragileen testigantzak entzun beharko dituzte, egoeraren diagnostiko zuzena egiteko eta gobernu exekutiboa estutzeko, egoerari buelta emateko neurriak hartze aldera. Ez dirudi txostena osatzeak lan konplexuegia izan behar lukeenik. Ezkerraldeak eta Oarsoaldeak hamarkadatan bizi izan duten desindustrializazioa ez ezik, azken urteotako krisi ekonomikoaren ondorioak ere jasan dituzte, bi eskualdeotako agertoki sozioekonomikoa larriagotuz, modu kuantitatibo zein kualitatiboan.

Datu estatistikoek agerian uzten dute bi eskualdeon gainbehera. Iraupen luzeko langabezian dagoen 16 eta 64 urte arteko biztanleria portzentajeak hazkunde nabarmena izan du krisi garaian. Adibidez, Errenteria-Oreretan %2,2 ziren 2005ean, eta %6,1 ziren 2013an; Gipuzkoako batez bestekoa, aldiz, %4,8koa zen 2014ko maiatzean. Sestaon, portzentaje hori bera %3,9koa izatetik (2005) %9,5ekoa izatera (2013) igaro da, Bizkaiko batez bestekoa %6,4koa den bitartean.

Familien errenta erabilgarria ere egoera txarraren adierazle da. Oarsoaldean, Oiartzun ez beste udalerri guztietan, errenta erabilgarria Gipuzkoako batez bestekoa baino nabarmen txikiagoa da. 2013an, Gipuzkoako errenta erabilgarria 34.351 eurokoa zen; Errenteria-Oreretan 28.703 eurokoa eta Pasaian 27.631 eurokoa. Ezkerraldean ere beste hainbeste gertatzen da. Bizkaiko familien batez besteko errenta erabilgarria 33.717 eurokoa da. Kontra, Portugaleten 30.358 eurokoa da, Santurtzin 29.237 eurokoa, Barakaldon 29.180 eurokoa eta Sestaon, lau udalerrien artean okerren dagoena izaki, 26.366 eurokoa.

Mila biztanleko zenbat bizikidetza unitatek jasotzen duten Gizarte Larrialdietarako Laguntza, hori da hirugarren adierazle interesgarri bat. 2013ko datuen arabera, bereziki nabarmentzekoa da Pasaiako egoera: bere indizeak (18,1) bikoiztu egiten du Gipuzkoako batez bestekoa (9,0). Desoreka hain handia ez bada ere, Sestaon (16,2) eta Santurtzin (15,2) antzeko zerbait gertatzen da, Bizkaiko batez bestekoarekin (10,0) alderatuz gero.

Badago bi eskualde hauetako egoera sozioekonomiko larria berresten duen beste adierazle bat. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen kopurua oso handia da kasu batzuetan, zifra absolutuei zein erlatiboei begiratuta. Ezkerraldean, 2015eko maiatzeko datuen arabera, 10.351 lagunek jasotzen dute, eta Oarsoaldean 2.083 lagunek. Mila biztanleko datuei erreparatuz gero, Bizkaian ratioa 35,1ekoa da, eta Gipuzkoan 21,4koa. Baina Santurtzin eta Sestaon batez bestekotik oso gora daude: 41,9 eta 53,1eko ratioak dituzte, hurrenez hurren. Pasaiak, bestalde, ia bikoiztu egiten du Gipuzkoako ratioa: 38,4koa da datua. Errenteria-Oreretak ere nabarmen gainditzen du batez bestekoa: 28,8.

Gazteen langabezia tasa %48aren bueltakoa da bi eskualdeotan, eta oro har, langabezia %18koa da Ezkerraldean eta %15ekoa Oarsoaldean; dagokien herrialdeko batez bestekotik gora daude, betiere. Sestaok ia bere biztanleriaren erdia galdu du azken hamarkadotan, 46.000 biztanletik 27.000 izatera igarota. Halako gizarte gainbeherari irtenbide bat emateko, berrindustrializazio adimenduna aktibatzea izan daiteke aukera bat, ingurumena errespetatuz, eta bi eskualdeak Euskal Herriko lehen lerro sozioekonomikora itzularaziz.

Informazio gehiago:

Ezkerraldeko egoera sozioekonomikoa - Bideoa

Oarsoaldeko Garapen Agentzia

Batzordeari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrean [2015-5-7]

Tags: 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak