Garapen sareak 2.193 enplegu berri kudeatu zituen 2014an

Hainbat

Garapen sarea 32 garapen agentziek osatzen dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 177 udalerriri ematen dio zerbitzua, eta EAEko biztanleen %87a bizi da horietan orotara. 2014an, 2.193 enplegu berri kudeatzea lortu zuten, erakundeak berak emandako datuen arabera. Denbora tarte horretan bertan, 1.521 enpresa berri sortzen lagundu zuten. Era berean, sareak 17.708 laguni eman zien orientazioa, bai eta 5.247 enpresari eta 2.831 saltokiri ere.

Lau ardatz osagarriren arteko harremanetan dago oinarrituta agentzia horien funtzionamendua. Tokiko eta eskualdeko garapen erakundeak berak lehenik, eta enpresa ugari bigarrenik. Gainera, ezagutzari buruzko erakundeek ere hartzen dute parte; zeinak formakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza bezalako auzietan baitihardute. Sare honen jardueran ezinbestekoa den laugarren ardatza herritarren parte-hartzea da, haiek egon ezean ezinezkoa bailitzateke lan hori aurrera eramatea.

Gaur egun, Garapenek 559 profesional ditu (2013an baino 21 gehiago), eta 87,9 milioi euroko aurrekontua kudeatu zuen 2014an (2013an baino 8,8 milioi euro gehiago). Aurrekontu horren zati handiena (%45) gorabidean dauden eta berritzaileak diren sektoreak sustatzeko baliatu zen. Bestalde, aurrekontuaren %14 bideratu zen turismora, %13 ekintzailetzara eta %12 merkataritzara. Enpresei eskainitako zerbitzuek %10a hartu zuten, eta gainontzeko %5a, agentzietako azpiegiturek.

Agentzien aurrekontuaren zati handiena (%58,8) udalek finantzatzen dute, Eusko Jaurlaritzak %18,7a, eta foru aldundiek %7,7a. Jardueren ordainetan jasotzen dituzten diru-sarrerek finantzazioaren %9,3a hartzen dute, eta %4,9a baino ez dator Europako diru-laguntzetatik.

Garapenek bost jarduera adar dauzka: enplegua, ekintzailetza, enpresa, merkataritza eta turismoa. Aurrenekoan, tokiko enplegu planak sustatzen dituzte, bai eta informazio, orientazio, aholkularitza, bitartekaritza eta formakuntza lanak ere, estrategia bateratu baten barruan. Ekintzailetzaren alorrean, enpresa proiektu berriak abiarazten laguntzen dute agentziek, enpresen esku askotariko azpiegiturak jarriz; enpresa habiak, kasu (464 lokal dituzte guztira). Gainera, haien sendotze programan parte hartzen duten proiektuen %85ak martxan jarraitzen du hiru urteren ondoren; hain zuzen, denbora tarte hori izan ohi da kritikoena enpresak abiarazteko orduan.

Enpresaren arloan, Garapeneko kide diren agentziek nazioartekotzean, kudeaketa hobetzen eta berrikuntzan jartzen dute fokua. Haien lehiakortasuna hobetzea da helburua, eta xede hori bera dute merkataritza arloan ere, haien dinamizazioa eta eguneratzea sustatuz. Azkenik, turismoaren arloan ere sektorearen lehiakortasuna handitzea da helburua, eta horretarako sustapen eta dinamizazio lanak bideratzen dira, bai eta sektorean diharduten eragileekin elkarlanean aritu ere.

Informazio gehiago:

Garapen jarduera txostena 2014

Garapen jarduera txostena 2013

Fernando Nebreda, Garapeneko presidenteari elkarrizketa

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak