EUSKAL PIRINIOEI BURUZKO AZTERKETA

«Bi estatuen antolaketa eta politika ezberdinek mendialdea moldatu dute»

 

Kattalin Sainte-Marie dugu hilabeteko elkarrizketaren protagonista. Soziologian lizentziatu berria da eta Paueko Unibertsitatean Lurralde Garapen eta Antolaketa Masterra burutzen ari da. Bere inguruko arazoek erakarrita, Euskal Pirinioei buruzko azterketa sakona burutu du Gaindegiaren gidaritzapean eta Udalbiltzaren babesarekin.

 

>> BEHA: Lurralde garapena eta antolaketari buruzko master bat egiten ari zara Paueko Unibertsitatean. Zergatik ikerketa bat Euskal Pirinioari buruz eta ez, adibidez, Lapurdiko kostaldeari buruz?

KATTALIN SAINTE-MARIE: Udalbiltzaren Pirinioetan lan eta bizi ekimenaz jakinean nintzen eta horren baitan lan bat eramaiteko gogoa nuen. Baserrialdean kokatzen diren udalerrien problematikek naute bereziki interesatzen. Horrez gain, Euskaldun Gazteria elkarteko kide naiz. Baserrialdeko gazteen problematikei erantzuten dieten proiektuak plantan jartzen ditugunez, gai hauekiko hurbiltasun bat dut. Bestalde, Euskal Pirinioetan, mendialdean bizi naizenez, nire bizi eremuari buruzko ikerketa bat egiteak erakartzen ninduen. Azkenik, muga administratiboetatik haratago, mendiko lurralde gisa betidanik loturak izan dituzten udalerri horien errealitatea aztertzea oraindik positiboagoa iduritzen zitzaidan.

>> Zure ustez, aztertu dituzun udalerriek lurralde homogeneo bat osatzen al dute? Parekoak al dira, adibidez, Iholdi eta Ezkaroze edo Itsasu eta Etxalar?

Lurralde homogeneoa dela erran daiteke udalerri guztiak mendialdean kokatuak direlako eta kokapen horrek dakartzan ondorioekin bizi behar duelako Euskal Pirinioetan bizi den populazioak, adibidez, distantzia luzeak. Hala ere, azterketa honek erakusten du errealitate sozio-ekonomiko komunak bizi dituzten gisara, badirela iparralde-hegoalde edo ekialde-mendebalde mailako errealitate ezberdintasunak. Adibidez, iparralde eta hegoaldearen artean ekonomiako sektore batzuek eta besteek garrantzia desberdina dutela azpimarra daiteke; ekialde eta mendebaldearen artean, berriz, populazioaren dentsitatean eta zahartzean daude desberdintasunak.

>> Oso jende gutxi bizi da mendialdean, Euskal Herriko populakuntzaren %2,7 baino ez. Despopulazioa al da Pirinioetako arazo handiena?

Populazio galeraz gain, honek dakarren populazioaren zahartzea da problematikarik garrantzitsuena. Gazte ainitz joaten da mendialdetik, lana delarik arrazoi nagusia. Horrek populazioaren batez besteko adina gero eta zaharragoa izatea du ondorio. Horrela ohartzen gara mendialdean saldo naturala negatiboa dela, sortze baino hiltze gehiago bada Euskal Pirinioetan. Egoera aski problematikoa da, jadanik gutti populatua den eskualde batean sortzerik ez bada populazioaren galera areagotzen du. Immigrazioa eta gazteak herrian egoten laguntzea beharrezkoa da, beraz.

>> Pirinioen zati bat administrazio frantsesaren pean dago eta bestea espainiarrarenean. Zer ondorio ekarri dizkio zatiketak lurralde honi? Nabaritzen al da lurralde antolaketan?

Zatiketa horrek Euskal Pirinioen ipar eta hegoaldean bi errealitate desberdin izatea du ondorio. Bi estatuen antolaketa eta politika ezberdinek mendialdeko lurralde hori moldatu dute. Osasun edo hezkuntza mailako zerbitzu eskaintzari dagokionez, adibidez, bi estatuen antolaketa desberdina agertzen da. Bestalde, laborantza presenteago izatea iparraldean eta industria hegoaldean politika eta borondate politiko desberdinek eragin dutela azpimarra daiteke.

Horrez gain, lurralde antolaketari dagokionez, udalerri eragileak zein diren eta hauen eragina aztertzean, ohar daiteke Iparraldeko Pirinioetan udalerri eragile gehiago direla Nafarroa Garaiko Pirinioetan baino. Iparraldeko zatian udalerri gehiago bada udalerri eragile baten eraginpean, hau da, zerbitzu, administrazio, komertzio eta lan eskaintza minimo bat eskuragarri dituztela. Diferentzia horrek erakusten du Iparraldeko Pirinioetan udalerri eragile ttipi baina gotorrak bultzatuak izan direla; Nafarroa Garaian, aldiz, udalerri eragile guttiago baina handiagoak, dena biltzen dutenak. Nafarroa Garaian, horrez gain, Iruñean kontzentratzen da kasik eskaintza guzia, Nafarroa Garaiko Pirinioetako udalerriak honen menpe jarriz.

>> Funtsezko ekonomia jarduera laborantza da lurralde osoan, eta osagarri moduan, turismoa. Ez al dago beste aukerarik? Industriak ba al du tokirik?

Ekonomia mailan azpimarratu behar da hala ere eraikuntza sektoreak, bereziki Iparraldearen kasuan, bere garrantzia duela, ofiziale ttipi anitz badelako. Higiezinen krisiak eta Europako muga ezeztatzeek eragiten dizkieten zailtasunak izanik ere, landun anitzek eraikuntzan jarduten dute.

Industriari dagokionez, Nafarroa Garaiko Pirinioetan industriak bere lekua du, industriako langile anitz bada, bereziki lurraldearen mendebaldean. Egia da, industria Iparraldean eta lurraldearen ekialdean guttiago presente dela. Industriak izan dezake toki bat mendialdean, baina mendialdearen mugen eta azpiegitura eta zerbitzu eskaintza apalagoen ondorioz, industrientzat eta enpresaburuentzat eremu urbanoetan plantatzea errazago agertzen da.

Hala ere, teknologia berriekin, gero eta errazago da mendialdean plantatzea, horrek muga batzuk gainditzea eta lan anitzagoak mendialdetik egin ahal izatea ahalbidetzen duelako.

>> Populazioa, eskasa izateaz gain, zahartzen ari da. Gazteak kanpora doaz. Zein da soluzioa gainbehera hori gelditzeko? Immigrazioak lagundu al dezake?

Immigrazioa bultzatu aurretik, lekuko gazteei herrian bizitzeko aukerak eman behar zaizkie, ez daitezen kanpora joan. Gazte ainitz herritik doaz ikasketentzat eta ez dira itzultzen, mendialdean den lan eskasa eta ez ainitzagatik. Badira ekimen desberdinak gazteek herrian lan egin ahal izan dezaten. Adibidez, Xiberuan Azia elkarteak eta Baxe Nafarroan Euskaldun Gazteriak GALT (Gazteendako Aurrezkirako Lekuko Taldea) tresna martxan jarri dute. Gazteak herrian beren enpresa sortzen edo baten segida berriz hartzen laguntzea du helburu. Elkartasunezko diru bilketa baten ondotik, proiektu bat duten gazteei interesik gabeko maileguak egiten zaizkie, hauek urte batzuk berantago zama itzultzen dute eta jendeak dirua berreskuratzen du. Iduritzen zait hau bezalako ekimenekin eta botere publikoen borondate politikoarekin gazteek herrian lana ukan dezaketela kanpora joaterik izan gabe.

Gero azpimarratzekoa da beste gai batzuetan ere indarrak egitekoak direla gazteek mendialdean bizitzen segi dezaten; adibidez, garraio sare publikoa hobetzea, teknologia berrien eskuragarritasuna zabaltzea, gazteendako etxebizitza eskaintza proposatzea… Lana faktore nagusia da baina ez bakarra.

>> Mendebalde eta ekialdearen artean gorabeherak daude. Ekialdeko bailarak (Zaraitzu, Erronkari eta Larraine inguruak) daude egoera txarrenean. Nondik dator desoreka hori?

Desoreka hori batez ere lotua da eskualde horiek hiri eta udalerri nagusietatik urrun kokatzen direlako. Lan zerbitzu eta komertzio guneetatik urrun dira, eta azpiegitura guti duten eskualdeak dira. Mendebaldean diren udalerriak, aldiz, eremu urbanoetatik, Iruñea edo euskal kostako hirietatik hurbil izanki, han aurkitzen den eskaintza zabalaren eskuragarritasun hobea dute. Distantziak ekialdeko udalerrietan baino apalago dira hiriguneetara heltzeko.

Ekialdeko udalerrien urrun izate horrek jendea hor mantentzea zailtzen du, baita erakartzea ere. Zerbitzu eta komertzio eskaintza bat aski hurbil izatea beharrezkoa da jendea udalerri batean bizi ahal izateko. Urrun izate horrek dakarren populazio galerak ondorio desberdinak ditu: ekialdeko ibarretan jende guttiago da, beraz populazio zaharrena da hor gelditzen. Etxe huts gehiago bada, zaharren menpekotasun handiagoa da…

 

>> Ikerketaren arabera, egoera orokorra negatiboa dela dirudi. Ba al da itxaropen zantzurik?

Bai, ikerketak egoera aski negatiboa aintzinera ematen du. Zenbakiek objektiboki errealitatea zein den erakusten dute. Hala ere, nire lanaren aurrehitzan azpimarratzen dudan bezala, lan hori datu kualitatiboetan oinarritu balitz (hau da, mendialdean bizi den jendea galdezkatu banu), egoera bestelakoa, ez hain negatiboa, izango zela uste dut. Sozioekonomikoki errealitate aski iluna agertzen bada ere eskualdeen arabera, mendialdean jendea bizi da eta ez dut uste hain gaizki bizi garela errango zutenik. Beti izango da mendialdeko bizian hobekuntzak ekartzeko beharra, baina mendialdean bizi nahi duen jendea badela segur naiz. Jende hori beti borrokatuko da mendialdean bizi eta ongi bizi ahal izateko, mendialdeak dakartzan abantaila eta hertsadurekin batera. ●

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak