Bultzada lurralde arteko lankidetzari

 

«Gure ekintza eremua zabaltzen ari da Euskadiko beste herrialdeetara, Nafarroa Garaira eta Akitaniara»

 

Teorian, Europar Batasuna mugarik gabeko kontinente bat da, eta entitateen zein pertsonen mugikortasuna bermatuta dago. Hala ere, egunerokoak erakusten digun bezala, aurrera pausoak emanda ere oraindik muga batzuek zutik diraute, eta Euskal Herriaren kasuan, mugaren alde bien arteko berezko harremanak oztopatzen dituzte. Enpresa jardueren ikuspegitik, muga horiek gainditze aldera, 2010ean Bihartean jaio zen, Gipuzkoako Bazkundeak eta Baionakoak sustatutako mugaz gaindiko ganbera. Bidasoaren alde bietako enpresen harremanak zer unetan dauden jakiteko, Olga Irastorza Biharteaneko arduradunarekin hitz egin dugu.

 

>> Beha: Bihartean duela lau urte jaio zen, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko enpresen arteko harreman ekonomikoetan mugak dakartzan oztopoak gainditzeko. Zer balantze egiten duzue?

Olga Irastorza: Bihartean 2010eko uztailean sortu zuten Gipuzkoako Bazkundeak eta Baiona-Iparraldekoak, eta mugaz gaindiko elkarlan ekonomikoa sustatzea zen proiektuaren helburua, bi herrialdeetako enpresetan eta horien beharrizanetan oinarrituta.

Gaur egun, Biharteanek banakako laguntza ematen die enpresei, eta enpresa proiektu kolektiboak ere dinamizatzen ditu. Gipuzkoa eta Iparraldeko enpresekin hasi ginen, baina ekintza eremua zabaltzen ari da pixkanaka: Euskadiko beste herrialdeetara, Nafarroa Garaira eta Akitaniara, Frantziako aldeari dagokionez.

Zifra batzuk ematearren, iaz Biharteanek 198 enpresari eman zien babesa, sektore guztietakoak eta askotariko problematika eta banakako proiektuak zituztenak. Askotariko alorretan babesa eman ere: hornitzaileak eta zerbitzuak bilatu eta kontaktua egin, mugaz gaindiko bazkideak identifikatu eta hitzorduak lotu, teknologia erakundeen arteko harremanak ahalbidetu mugaz gaindiko elkarlanetarako, enpresetara bisitak antolatu eta bazkide eta merkatu berriak identifikatu. Kontsulta horietan pisu handiena izan zuten hiru sektoreak izan ziren industria eta industria azpikontratazioa (%30), enpresei zerbitzua ematea (%28,7) eta nekazaritza eta elikadura (%15,62).

Baina interesgarriena zera da, aholkularitza enpresen %52a Gipuzkoa, Euskadi eta Nafarroa Garaikoa zela, eta %48a Iparraldekoa eta Akitaniako beste lurraldeetakoa. Horrek esan nahi du ekonomia fluxuak parekatuta daudela eta alde bietako enpresek behar dutela tresna hau; batez ere, haien jarduera eta fakturazioa gertuko lurraldeetan lan eginez garatu nahi duten ETEek.

>> Mugaz gaindiko ganberak eta beste zenbait eragilek egindako ahaleginak ahalegin, oraindik ere ezjakintasuna dago beste aldean gertatzen denaren inguruan; ezagutzen ez denarekiko halako beldurra, nolabait. Informazio falta al da arazoa, edo badaude beste faktore batzuk?

Kulturari dagokionez elkartrukea badago, baina egiari zor, ekonomiaren alorrean, auzokoarenganako ezagutza falta dago oraindik ere, eta halako beldurra eragiten du horrek. Ez da errealitate ekonomikoa ezagutzen, eta klixeen arabera funtzionatzeko joera dago. Batzuetan ez da ondo ulertzen auzokoaren enpresa kultura, negozio ikuspegia… ez ditugu jaiegunak ezagutzen, ez eta ordutegiak ere… eta horrek harreman profesionala zailtzen du. Ezer gutxi dakigu administrazioaren funtzionamenduari buruz, mugaz bestalde jarduera bat garatu ahal izateko bete beharreko lege baldintzei buruz. Europak esparru orokor bat ematen badu ere, herrialde eta erregio bakoitzak bere arau propioak ezartzen ditu.

Baina hori guztia ikasi egin daiteke. Enpresariak jo dezake laguntza edo aholkularitza eskaintzen duten profesionalengana; esaterako, merkataritza ganberak, aholkularitzak, aditu juridikoak… Horretarako, adibidez, benetan mugaz gaindikoa den kontaktu sare bat sortu du Biharteanek; haien lurraldean erreferente diren baina ondoko merkatuaren xehetasunak ere ezagutzen dituzten profesionalei buruz ari gara. Hau da, mugaz gaindiko ikuspegia, bai eta esperientzia ere, baduten profesionalak. Ikuspegi bikoitz horrekin, askoz ere eraginkorragoak izan daitezke haien enpresa-bezeroentzat, lan pedagogikoa eginez eta arrisku batzuei aurrea hartuz.

>> Zuen ibilbidean egin al duzue topo azpimarratzeko moduko zailtasunen batekin?

Hizkuntza da egunerokoan topatzen dugun eta harremanetarako oztopo izan daitekeen zailtasunetako bat. Auzokoaren hizkuntza ez ezagutzea balazta baten modukoa izan daiteke, merkataritza harreman bat sortu nahi denean: nola saldu produktu edo zerbitzu bat bezero bati, halako baldintzetan?

>> Biharteanek mugaz gaindiko gune bat bultzatu du, silikona likidoaren sektorean. Zer emaitza izan ditu? Beste ekoizpen sektore batzuetara ere zabaldu al daiteke etorkizunean?

Bai, egin daiteke, eta hain zuzen, buruan daukagu hori.

Silikona likidoaren mugaz gaindiko gunea nola sortu den? Espezialitate hori garatu zezaketen herrialde bakoitzeko enpresak identifikatzea izan da lana, bai eta alor honetan zaintzari eutsi ziezaiokeen eta abantaila lehiakorra eman zezakeen zentro espezializatua ere. Betiere enpresen arteko osagarritasuna mantenduz, barne lehiakortasuna saihesteko. Hala, balio-kate oso bat sortu da. Zaintza teknologikoa dauka, prototipoen diseinua, molde espezifikoen fabrikazioa, aurre-serieak, eta transformatzaileak atxikitzen zaizkio serie txiki, ertain eta handietarako. Bezero potentzialarentzako eskaintza globala da, beraz. 

Hori guztia Biharteanen filosofian oinarrituta dago erabat, baina kontuan izan behar da mugaz gaindiko lankidetzak bi adar izan ditzakeela. Batetik, enpresentzat, auzokoa izan daiteke bere produktuak edo zerbitzuak saltzeko merkatu bat, eta halaxe da askorentzat. Bestetik, bi lurraldeetako enpresak elkartu egin daitezke haien osagarritasun profesionalean oinarrituta, eta elkarrekin jo merkatu berrietara; horrela indartsuagoak baitira, masa kritikoa dute.

Bide horixe jarraitu du silikona likidoaren guneak, bi lehiakide sendo baititu bere alorrean: Alemania eta Austria. Zenbait erosle etorri dira industriaguneko enpresak bisitatzera, eta kontsultak egin dituzte. Eskaera batzuk ere egon dira.

>>  Azkenaldian, mugaren alde bietako eragileak elkarlanerako ekimenak egiten ari dira lanbide heziketaren alorrean. Daukaguna hobetzeko balio al dezake? Zer deritze Biharteanek ekimen horiei? Horietan parte hartzeko prest al legoke?

Garbi dago garrantzitsua eta premiazkoa dela hizkuntzen formakuntza ematea: frantsesa eta gaztelania. Euskara ere garrantzitsua izan daiteke, baina Iparralden protagonismoa galtzen ari da. Ezagutza linguistiko eta kulturala izatea da gakoa, hau da, kultura bakoitzaren ñabardura linguistiko propioen berri izatea. Horrek aktoreen arteko konfiantza handitzen du. Eta batez ere, gaizkiulertuak ekiditen ditu, eta hori garrantzitsua da negozioetan.

Bestalde, heziketa zentroen eta institutuen arteko elkarlana ere bultzatu behar da; aukerak sortzeko formakuntzan, berrikuntzan eta lan munduan. Adibidez, gaur egun, industriaren alorreko hezkuntza eta ezagutza handiak dira Euskadin, eta mugaz bestalde, Akitanian eta Midi-Pyrenees departamentuan, eskulana behar da aeronautikaren sektorean, askotariko jardueratan. Biharteanek laguntza eman du alor horretako lankidetza proiektuetan, hor ere osagarritasunak sortzeko; hala nola, formakuntza galdaragintzan, soldaduran, elektromekanikan…

>>  Gero eta gehiago dira bi aldeak gehiago gerturatzeko aukeraz diharduten eragileak eta iritzi liderrak. Zer eremutan sustatu beharko litzateke harreman estuagoa?

Harreman ekonomikoak errazak eta naturalak izan daitezen, gertutasuna eta konfiantza sortu behar dira, eta ezjakintasunaren eta ezezaguna denarekiko beldurraren aurka borroka egin. Biharteanen uste dugu etorkizun ekonomiko bateratua izan dezakegula sektore askotan. Horretarako, jendearen desplazamendua erraztu behar da. Bultzada eman behar zaie mota guztietako garraiobideei; trena eta autobusa, kasu. Akitania-Euskadi euroerregioa lanean ari da alor horretan. Eta berriz ere diot, hizkuntza oso garrantzitsua da.

Fase honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu, era berean, Gipuzkoako Bazkundea edo Baiona-Iparraldeko Merkataritza Ganberaren moduko entitate espezializatuek egiten duten lana aipatzea: enpresek elkarrizketa, bazkideak, bezeroak… lor ditzaten errazten dute. Horrela, enpresek denbora galaraztea saihesten dute, bai eta dibertsifikazio ekonomikorako bideak zabal ditzaten erraztu ere.

>> Nola egingo dio aurre zuk zuzentzen duzun mugaz gaindiko ganberak hasi berria den urteari? Erronka berriak al dituzue eskuartean?

2015a oso urte garrantzitsua izango da mugaz gaindiko eremuan, eta badira dagoeneko aurreratu ditzakegun eta zabalik ditugun ardatz batzuk.

Mugaz gaindiko interclustering estrategia da lehena. 2014an Akitania eta Euskadiko klusterrekin hitzartutako bi topaketen ondoren, gai honekin aurrera egingo dugu, Orkestra Lehiakortasun Institutuarekin elkarlanean eta Akitania-Euskadi Euroerregioaren bultzadarekin. Hiru gai identifikatu genituen eta berretsi egin ditugu: mugikortasuna eta logistika batetik, nekazaritza eta elikagaien berrikuntza bestetik, eta hirugarren bat, material eta prozesu industrial berriak biltzen dituena. Hortik abiatuta, askotariko lan-taldeak osatzen ari dira, proiektu mugaz gaindikoak eta euroerregionalak zehazteko.

Bigarren ekintza ardatz nagusia azpikontratazioari dagokio. Biharteanek Gipuzkoako Bazkundeak gidatzen duen SubContex programan parte hartzen du. Gipuzkoako enpresa azpikontratistei nazioartekotzean laguntzeko programa integrala da, eta lau herrialderi begira dago: Frantzia, Alemania, Suitza eta Maroko. Kasu honetan, Frantziako merkatuarekin lotura duten ekintzetan ari da lanean Bihartean.  

>> Donostia 2016 programaren atarian gaude. Ba al duzue ezer aurreikusita honen inguruan?

Bai, hain zuzen, aurtengo hirugarren atal garrantzitsua turismoa da. Donostia 2016 hiriburutza proiektuak mugaz gaindiko elkarlanerako bide berriak zabalduko dizkie turismoaren alorreko profesionalei. GOazen Iparraldeko Turismo Klusterrarekin elkarlanean, enpresen arteko aurreneko topaketa bat egin da dagoeneko, sektore horretan mugaz gaindiko elkarlanerako aukerak sortzea helburu.

Azkenik, laugarren ekintza ardatza aipatu nahiko nuke: mugaz gaindiko lankidetza bera. Datorren apirilaren 15ean, eKOP mugaz gaindiko enpresa ekimen onenaren sariaren hirugarren edizioa egingo da. Euskal Eurohiriak eta Baiona eta Donostiako bere bazkideek gidatzen dute sari hori. Biharteanek hasieratik hartu du parte ekintza honetan, eta mugaz gaindiko hitzaldi bat antolatuko du propio egun horretarako. 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak