Euskal Herriko garapen ereduaz

 

«Ezagutu dugun garapen eredua azkenetan da, Euskal Herrian ere bai»

 

Luzea eta sakona izanda ere, koiunturala den eta batzuen ustez bukatzen ari den krisi ekonomiko baten aurrean al gaude? Edo letra larriz idatzi beharreko Krisia al da hau, materialen eta energiaren kontsumo masiboan oinarritutako garapen ereduaren Krisia? Auzi honi buruz eta honekin lotutako beste batzuei buruz hitz egiteko -betiere Euskal Herritik abiatzen den ikuspegi batetik-, elkarrizketa digital luzea izan dugu Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko Soziologia irakaslearekin. Irakurleoi hemen eskaintzen diegun hau elkarrizketa horren lehen zatia da.

>> BEHA: 2008an hasi zen ekonomia eta finantza krisiaz harago, zibilizazio krisi baten aurrean gaudela ematen du, ekonomiaren hazkundean oinarritutako mendebaldeko ereduaren krisia. Euskal Herria garapen eredu hegemoniko horren barruan dago, bere abantaila zein eragozpenen menpe. Testuinguru horretan, Euskal Herri oso industrial baten aldeko hautua egiten jarraitzen dugu, besteak beste, energia gastu zein ingurumen inpaktu handia eraginez. Badirudi aktore nagusiei BPGaren hazkunde portzentajea baino ez zaiela axola. Ba al du zentzurik eredu horrekin jarraitzeak?

Joseba Azkarraga Etxagibel: Gure ereduak zentzurik ba ote duen ala ez baloratzeko, non gauden eta etorkizunak zer ekar diezagukeen jakin behar dugu, ikuspegi globaletik begiratuta. Aparteko une bat bizi dugu historian. Uste dut interesgarria dela une honetan mahai gainean dugun diagnostiko kritikoenetako bati aurre egitea: ziurrenik, goia jo dugu zibilizazio industrialean, eta behera egitea dagokigu orain. Funtsean ez dago ezer berririk: Meadows senar-emazteek Erromako Klubarentzat 1972an idatzi zuten lan ezagunean (The Limits to Growth) egindako aurreikuspenak betetzen ari dira. Arazoa zera da, gizarte industriala, gaur egun ezagutzen dugun moduan, ez dela bideragarria, planetaren muga biofisikoen aurka talka egiten duelako bete-betean. Mundu industrializatuak baliabide naturalak kontsumitzen ditu, planetak horiek ordezkatzeko duen ahalmenaren gainetik. Gainera, planetak xurga ditzakeen baino hondakin gehiago ere botatzen ditu (karbono dioxodoa, tartean), egonezin handia sortzen duen klima aldaketa eraginez.

Ereduaren agortzea gero eta agerikoagoa izango dela pentsatzeko arrazoiak baditugu. Lehenik, industriaren metabolismoak energia fluxu gero eta handiagoa behar duelako, eta zantzuek erakusten dute hori ezinezkoa izango dela azkenerako. Gainera, goia jotzen ari gara oinarrizko zenbait substantziatan ere; esaterako, fosforoa, kobrea, ura eta lur emankorrari dagokionez. Biodibertsitatea ere galtzen ari gara, ekosistema asko agortzen ari dira, eta ondorioz planetak guri eusteko duen ahalmena txikitzen ari da. Eta dagoeneko ezinezkoa da ia datorkigun egoera klimatiko berria saihestea: tenperaturak zenbait gradu egingo du gora, inpaktuak iragarri ezinak dira, eta arrisku sistemiko handia dakar horrek guztiak. Azkenik, gizartearen ugaltzea ere kolokan dago, zaintzaren alorrean dagoen krisiaren ondorioz.

Hau da, gizarteen ugaltzea (gaur egun gizarteak ezagutzen ditugun gisan, bederen) bermatzen duen oinarri biofisikoa nabarmen hondatzen ari da. Eta ez du hobera egingo. Areago, estres sistemikoak okerrera egingo duela aurreikus dezakegu. Hain zuzen, kapitalismoak ez du ahalmen estrukturalik egoera honi irteera burutsurik emateko. Ikaragarrizko berdintasun eza eragiteaz gain, planetaren muga fisikoak errespetatzeko logikarik, kontzepturik eta tresnarik ez du. Kontra, konplexutasuna handitzea izan da proposatu duen “irtenbidea”. Unean unean ekonomiaren hobekuntza zantzu batzuk lortuko dira horrela, baina oso litekeena da hobekuntza behin-behinekoa izatea, ez dielako atzean dauden egiturazko arazoei aurre egiten. Egiari zor, sistemak dagoeneko erakutsi du gai dela hazten jarraitzeko, baina hori bai, zorrak eta askotariko burbuilak tarteko.

>> Irudikatu diguzun panorama oso kezkagarria da, baina prozesuaren zer unetan gaude orain?

>> Paul Crutzen Kimikako Nobel saridunak esan bezala, Antropozenoan gaude, eta mende honetan aldaketa handiak jasatera kondenatuta. Ikuspegi analitikotik begiratuta, ezagutu dugun garapen eredua azkenetan da, Euskal Herrian ere bai. Interpretazio honen arabera, aurreikus dezakegu gizarte industrialaren txikitzea, kontrakzioa edo, hobe esanda, konplexutasunaren galera etorriko dela. Kolapso ere dei diezaiokegu. Hau da, oso litekeena da gure gizarteetan berregituratze handiak gertatzea, eta uste dut hortik begiratuta pentsatu behar dugula gure herria.

Gainbehera ordenatua izan daiteke edo ez, maila globalean zein lokalean. Orain trantsizio sendo bati ekiten badiogu, eta oinarrizko auzietan elkarlanean aritzeko eta bat etortzeko prest bagaude, gainbehera honen une latzenak eta sufrimendurik handienak leundu ditzakegu. Ez badugu halakorik egiten, ondorioak mingarriagoak izan daitezke, askotariko arazoak areagotuko diren agertoki batean: energia hornidura, ekoizpen ehunaren desegitea, langabezia tasa handia, kudeatzen zailagoa izango den krisi ekonomikoa, eta gero eta borroka gehiago gero eta gutxiago izango diren baliabideak lortzeko. Uste dut gaur egungo iparralde aberatsean ere gero eta arruntagoa izan daitekeela estatuek huts egitea, hori gertatzeko aukera ezin dugu inondik inora baztertu; baina gainera, egun aberatsak diren estatu horiek baliabide gutxiago izango dituzte kolpea arindu eta egoerari aurre egiteko. Trantsizio ordenatu baten alde egiten ez badugu, halakorik egin gabe sartzen bagara material eta energia eskasia handiagoko fasean, banaketa gatazka handi baten aurrean jarriko gaitu ziurrenik; estatu barruko zein estatu arteko gatazka, hain zuzen. Industria militarrean ez da krisirik egon, eta adierazgarria da hori. Munduan militarizazioak izan duen hazkundea da datu kezkagarri eta esanguratsuenetako bat.

Gizateriak, oro har, eta Europak zein Euskal Herriak, zehazki, aurrez aurre dugun dilema uste baino konplexuagoa da: kontua ez da bidezkoagoa, ekologikoki jasangarriagoa eta herritar guztien ongizatea sustatzeko gai den elkarbizitza nola eraiki daitekeen. Kontua da nola egin hori baliabideak gero eta urriagoak izanik, eta gainera gizakiak gero eta gehiago garela eta mendebaldeko bizimodua izateko irrika gero eta handiagoa dela kontuan hartuta. Faltan sumatzen dut funtsezko gai honi buruzko debate serioa Euskal Herrian. Izan ere, marraztu dugun agertoki historikoaren gauzatzeak ez ditu ondorio berberak izango gizarte guztietan, eta irtenbideak lurraldez lurralde eraiki beharko dira.

>> Esan duzunaren arabera, badirudi beste aldera begira gaudela, ez dugula onartu nahi gertatzen ari dena, nolabait susmatzen badugu ere.

Bai, eta kezkagarria da, izan ere, garaiz, uste osoz eta eraginkortasunez erantzungo dugula dioen zantzu gutxi dagoelako, maila globalean zein lokalean. Hain zuzen, kontrako norantzan ari gara, makineriari egurra ematen; Thelma & Louise filmean bezala, amildegira bidean. Eliteek ahal duten guztia egingo dute haien pribilegioei eusteko, horretan ari dira jada. Ikuspegi metabolikotik, eskuindartzat jotzen diren politikek (austerizidioa) zein ezkertiartzat jotzen direnek (ekonomiari bultzada espantsionista berria ematea, ekoizpenaren eta kontsumoaren hazkundean oinarrituta), biek ekonomiaren hazkundea dute helburu, eta ez diete kasurik egiten azken hamarkadotan komunitate zientifikoak etengabe emandako abisuei. Paradoxikoa bada ere, hazkunde ekonomikoa segurtasun iturritzat jotzen da oraindik ere, arazo guztien irtenbide, nahiz eta gaur egungo arrisku sistemiko erraldoien kausa, hain zuzen, gizarte metabolismoaren hazkundea izan.

Hazkundea suntsitzailea eta ekonomiaren aurkakoa bihurtu da. Ezkerraren kasuan, eta ezker antikapitalistarenean ere bai, bitxia da XXI. mendera programa produktibista batekin iritsi izana; politika espantsionistak oinarri, eskaria eta kontsumoaren estimulazioa jotzea irtenbide gisa. Planteamendu neokeynesiarra da: hazkunde ekonomiko handiagoa birbanaketari eta zorraren ordainketari lotuta iritsiko dela espero da. Hala, ezkerra jarri da produktibismoaren buru eta ekonomiaren eskala fisikoaren hazkunde kezkagarri honen lemazain; hau da, baliabideen kontsumoaren eta hondakinen ekoizpenaren hazkundearen buru. Hori ez da komeni. Fluxu metabolikoaren ugaritze arriskutsua ekarriko luke, baina gainera, datuek diote fisikoki ezinezkoa dela halakorik egitea: ez dago oinarri materialik joan den mendeko 30eko hamarkada loriatsuaren moduko ziklo espantsionista berri bati ekiteko. Fikzioa da.

>> Hazten bagara gaizki ari gara, eta hazten ez bagara ere bai. Desazkundea irtenbide posiblea al da?

Egia da hazten ez bagara hazkunde gizarteak kolapsatu egiten direla, baina hazten jarraitzen badugu ere beste hainbeste gertatuko zaigu, eta ondorioak okerragoak izango dira. Dilema honetatik ateratzeko begirada berriak behar dira, eta ez errezeta zaharrak. Beste kontu bat litzateke logika neokeynesiarrak erabiltzea bolante-kolpe bat emateko, eta hala taxuzko norantza aldaketa eragin eta amildegitik urruntzea. Green New Deal delakoaren proposamena da nire ustez zentzuzkoena; New Economics fundazioaren eta Nazio Batuen Erakundeko ingurumen programaren sostengua ere badu.

Bestela esanda: gizarte metabolismoa kondizio biofisikoei egokitu behar zaie, eta horretarako funtsezkoa da iparraldeko ekonomietako material eta energiaren kontsumoan beherakada handia egotea, eta gero egoera geldikorra duten ekonomietako gizarteetara igarotzea. Pastela oso mugatua da eta ondo banatu behar da. Gure aztarna biologikoa bioahalmenetik gora baldin badago (eta euskal herritarrona halaxe dago), jakin baldin badakigu fisikoki ezinezkoa dela gure kontsumo maila mundu osora orokortzea, orduan gehiago izatea ez da eskubide bat, pribilegio bat baizik, Yayo Herrerok ondo dioenez. Errealitate eta diskurtso horrek enbarazu egiten du, ezkerreko alderdiei eta sindikatuei ere bai; baina halakorik egiten ez bada, oso etorkizun kezkagarria dugu aurrez aurre. Hondamendira bidean goaz, eta asko kostatzen ari zaigu hori onartzea. Edo ekofaxismo edo ekototalitarismo deituriko bidetik joan gaitezke: gero eta pertsona gutxiagok gero eta baliabide gehiago hartzea maila globalean zein lokalean, haien botere ekonomiko edo militarrari esker; eta bitartean, gero eta jende gehiago izatea baztertua, gutxieneko materialetatik urrundua. Kasu horretan, irudikatze hutsak min ematen duen etorkizuna izango genuke aurrez aurre.

>> Gaur egungoaren moduko garai gorabeheratsuetan aldaketa handirik ez egitea aholkatzen du pragmatismoak. Ukitu txikiak baino ez. Adibidez, helduarora iritsi diren industria sektoreak desegitea (kontsumorako etxetresna elektrikoak edo industria astun batzuk, esaterako) eta teknologia berrien, aeronautikaren eta auto elektrikoen alde egitea. Horrekin nahikoa izango al litzateke, edo planteamendu erabat berria behar al da?

Ukitu txikien garaiak bukatu dira. Erabaki estrategiko zein presazkoen garaia da; erreforma sakonak behar dira, espiritu erabat pragmatikoarekin eginak. Pragmatismoaren etsairik handiena BAU (business as usual) delakoa da gaur egun; bide beretik jarraitzeko apustuak egitea, gure betiko egitura mentalei eutsiz beste garai batzuetan gaudenean. Uste dut gai izan behar dugula duela gutxi arte pentsaezinak ziren etorkizuneko agertoki zenbaitetan kokatzeko gure burua, eta etorkizunari aurrea hartzeko moduko kalitate handiko adimena erakutsi.

Hasiera ona litzateke ulertzea zein den Euskal Herriaren artikulazioa globalizazioarekin, zer posiziotan gauden lanaren nazioarteko banaketan, eta hortik, erantzun politiko adimentsua ematen saiatu. Ez dugu ez gasik, ez petroliorik, ez eta baliabide naturalik ere. EBn eta euroan (oraingoz, behintzat) sartuta dagoen herri bat gara, Europako gainerako merkatuarekiko menpekotasun handia duena. Eta ez dezagun ahaztu, energia krisi globalaren moduko prozesuetan oso zaurgarria den kontinente batean gaude. Egiari zor, Europako errealitate horren barruan, gu ez gara Espainia. Izan ere, Espainiako ekonomia desindustrializatuta dago, teknologikoki menpekotasun handia du, zorpetze tasa oso handiak ditu, turismoan eta ezer gutxi gehiagotan dago espezializatuta, instituzioetan ustelkeria da nagusi eta gizarte kohesio maila oso txikia da. Baina Euskal Herria ez da Alemania ere; teknologian, hezkuntzan, berrikuntzan eta ekoizpenean duen potentziari dagokionez.

>> Krisiak krisi, badirudi euskal herritar gehienek jarraitzen dutela pentsatzen nahiko herri aberatsa garela, inguruarekin alderatuta. Askok uste dute garai gozoak itzuli egingo direla, krisia parentesi bat baino ez dela izan, historia luze eta arrakastatsu baten barruan.

Sentsazioak alde batera utzita, oso industrializatuta dagoen herri bat gara, fluxu metaboliko oso handia eta ikaragarrizko menpekotasuna duena, bereziki energiari dagokionez. Aberatsak garela uste dugu, baina zentzu askotan pobreak gara. Gure ekoizpen prozesuek behar dituzten input gehienak kanpoan eskuratzen ditugu. Oso ekonomia irekia gara, globaltasunari oso lotua, EBko merkatuetan parte-hartze handia duten enpresak dituena eta nazioartekotze maila handikoa. Konektibitate globala sendotasunaren erakusle izan da orain arte, eta hala izaten jarraitzen du, baina zaurgarritasun handia ere badakar berarekin, zalantzatia den etorkizun honi dagokionez.

Ez du zentzurik datuei aurka egiteak: adierazleek diote material eta energia gutxiagorekin bizi beharko dugula. Planetaren egoera eta gure herriaren baldintzak kontuan hartuta, hazkunde materialaren bidetik jarraituko dugula pentsatzea utopikoa da, eta ez da batere errealista. Nire buruari galdetzen diot nola eutsiko dion gure ekoizpen ehunak energiaren prezioen lurrunkortasunari, erregai fosilen eta beste lehengaien prezioen igoerari (garbi dago gaur egun petrolioak duen prezioa koiunturala dela). Uste dut euskal ekonomiaren eraldatze sozioekologiko handia eta burutsua abiaraztea dela aukera pragmatikoena, eta berehala abiarazi behar dela, gainera. Hain zuzen ere, pragmatismoaren eta segurtasunaren izenean.

>> Trantsizio horren beharraz kontzientziatuta bageunde, zuk uste prest gaudela hura modu eraginkorrean abiarazteko?

Gutxi gorabehera badakigu trantsizio sozioekologiko hori nola egin behar den, daukagun ezagutza perfektua ez bada ere. Borondate politikoa eta behar besteko adostasuna biltzea, hori falta zaigu. Eta jakinik hazkunderik gabeko oparotasuna sortzea dela mende honetako erronka, Tim Jacksonek Erresuma Batuko gobernuarentzat egindako txosten batean azaldu bezala. Denok ondo bizitzea da gakoa, muga biofisikoen barruan. Horretarako erabat aldatu behar da ekoizpen ereduaren norantza, eta hazi egin beharko dugu, baina inguruneari zama handirik eragiten ez dioten ekonomia sektoreetan; bai eta material eta isuri aldetik arinak diren, material ziklo itxiak dituzten, ekonomiaren karbonizazioa nabarmen murriztea planteatzen duten eta enplegu ugari sortzen duten sektoreak izan ere. Dagoeneko egin dira honi buruzko ikerketak, oraindik ere egiteko asko dagoen arren.

Eta ongizatea birdefinitu beharko genuke, hori ere funtsezkoa da. Etsigarria da ikustea gure gizarteek materialaren etengabeko hazkundearekin duten obsesioa. Kontzientzia maila oso pobrean mantentzen gaitu horrek; garenaren eta espezie gisa behar dugunaren auto-ezagupena oso eskasa dela erakusten du. Puntu batetik aurrera, diru-sarrera kopurua eta ongizate maila ez datoz bat; ikerketa mordoak ez ezik, askotariko tradizio erlijioso, espiritual eta filosofikoek diote hori. Ezagutza herrikoian ere beti izan da jakina. Neurozientzia ere gauza bera baieztatzen ari da. Baina ezjakintasunean harrapatuta segitzen dugu. Nahikotasunaren kultura berreskuratu behar dugu, gure buruari eutsi, urritasuna bihurtu gizarteak konpartituko duen arau etiko-morala, eskastasuna izan dadila bizimodu normalizatuaren jokabidea. Sakon birdefinitu behar dugu zer den ondo bizitzea. Ongizateak ez du zerikusirik naturatik aldentzearekin, ez eta besteenganako betebeharrak alboratzearekin ere.

>> Nola lotzen zaio eredu berri baterako trantsizio programa hau gure herriaren alor politiko eta instituzionalari, gure egunerokoari?

Instituzioak eta boterea hartzea, “beti gehiago” nahi izatearen filosofia demokratizatzeko, hori ez da oso eraldaketa erreala, ez eta meritu handikoa ere. Industria garaiko kulturaren parte den “zenbat eta gehiago, hobe” axioma faltsua hartu eta eredu neurtuago eta lasaiago batekin ordezkatu behar da: “honekin aski dut”. Eta ez dugu ahaztu behar ez dagoela ongizaterik eta jasangarritasunik, tartean ez badago justiziarik, ez badago gizarte batek duenaren eta ekoizten duenaren bidezko banaketarik. Badago norantza horretan doan gidoi politiko-kultural askatzaile bat, hegemoniak eraiki ditzakeena, betiere birbanaketaren aldeko bultzada batekin batera gertatzen bada, noski. Hain zuzen, litekeena da hemendik aurrera horixe izatea gizatiartu gaitzakeen norantza bakarra.

[ELKARRIZKETAREN LEHEN ZATIAREN AMAIERA. BIGARREN ZATIA, LASTER]

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak