Euskal Herriko garapen ereduaz/2

«Ezin dugu elikatzen jarraitu bizitzari eusten dioten oinarriei kontra egiten dien ekonomia bat»

 

Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko Soziologia irakaslearekin egindako elkarrizketaren bigarren zati honetan ere askotariko gaiak jorratu ditugu: lurralde arteko desorekak, biztanleriaren kontzentrazioa hiriguneetan, gaur egun nagusi den eredu ekonomikoaren alternatibak saretzeko beharra eta kanpo iturrietan oinarritzen den gaur egungo energia sistemak dakartzan zailtasunak, besteak beste. Bere diskurtsoaren funtsean aldaketaren aldarria dago, hura bultzatzeko ahalmena izango luketen gehiengo sozial transbertsalen eraikuntzan oinarritutako aldaketa.

>> BEHA: biztanleriaren, industria eta zerbitzuetako instalazioen eta askotariko azpiegituren ondorioz, Euskal Herriak lurralde murritza du. Orain arte ez dugu asmatu hormigoiaren okupazioari mugarik jartzen. Aski dela esateko unea al da?

Joseba Azkarraga Etxagibel: Ziurrenik aspaldi jarri behar genuen galga. Krisi globalaren testuinguruan, lehen hormigoiarekin liluratuta zeuden Euskal Herriko goi kargu politiko batzuek ahapeka onartu dute berandu erreakzionatu dutela. Gainera, krisia lehertu aurreko azken urteak izan ziren okerrenak, erokeria handienak orduan egin baitziren. Ekonomia hazkundea ahalbidetzeko baldintza material egokiak nola ezarri, hori baino ez da hartu kontuan, eta administrazio publikoan ere bai. Hazkundearen iruditeriak ezarritako logika izan da: herrialde eta gizarte gisa kokapen lehiakorra izateko beharra, merkatu gero eta globalizatuagoan.

Auzi honetan ere, irakurketa panoramikoagoa behar dugu. Energia, elikagaiak eta ondasunak modu zentralizatuan ekoiztea izan da gizarte industrialaren funtsa, eskala globalean sortutako beharrizanak asebetetzeko azpiegitura handiak sortuz. Gizarte egituraketa eredu honek sortu du azpiegitura erraldoien beharra, eta gizarte eta ekologian alimaleko inpaktua eragin. Lurraldearen okupazioa bereziki bortitza izan da XX. mendearen bigarren zatian, neurri globalean zein herrialdean bertan. Gizakiaren historian, ez dago bizitza eusten duen azpiegituran ingurune inpaktu bortitzagoa eta interferentzia handiagoa eragin duen garairik. Hiru hamarkada loriatsuei erreferentzia egiten diegunean, hori kontuan izatea komeni da.

>> Badirudi ingurune eta lurralde inpaktua ez dela jasangarria izango etorkizunean, azpiegituren mantenua zaila dela epe ertain eta luzean.

Garbi dago ezin dugula horrela jarraitu, eta uste dut askok onartu dutela jada azpiegitura handien garaia agortu dela. Nahiz eta euskal lurraldean AHTaren moduko proiektu oldarkorrak dauden oraindik ere. Paradoxikoa bada ere, arrazionaltasun ekologikoaren izenean ere justifikatu nahi da proiektu hori. Esaten dute urtero CO2 isuri handiak aurreztuko direla hari esker, baina beste behin ere, horra hor datuak: Hoyosek eta beste zenbait ikertzailek azaldu dute ehun urte baino gehiago beharko ditugula azpiegitura erraldoi honen eraikuntza prozesuan ekoitzitako isuriak konpentsatzeko. Gainera, euskal Y-ak ingurunean duen inpaktua neurtzean, kontuan izan behar da ere biodibertsitatearen galera eta lurraren okupazio nabarmena, besteak beste.

Mantentze lanak ere izan behar dira kontuan. Hau da, gaur egungo gizarte industrialak etengabeko konplexutasun galera izan beharko duen testuinguruaren aurrean, galdera honakoa da: nola eutsiko diegu sortu ditugun askotariko azpiegitura handiei? Logistika, hezkuntza, errepideak, komunikazioak, osasun zerbitzuak… azpiegitura mota horiei guztiei buruz ari naiz.

Esan bezala, fase historiko berrian gaude ia seguru, uzkurtzera joko duen mugimendu orokor baten hastapenetan. Ez gara globaltasunaren suntsipenaz ari, ez eta inork desio ez duen egoera autarkiko batera itzultzeari buruz ere. Lokalaren eta globalaren arteko bestelako oreken artikulazioa izango da gakoa, atzera erregionalizazio prozesuak ekarriko dituena, bai eta lokalizazio prozesuak ere agian. Hau da, gure gizarteen eraldaketa garrantzitsua gertatuko da, ekoizpen-kontsumo zirkuitu laburragoak indartuz. Uste dut ikuspegi horretatik ere pentsatu beharko dugula herria. Eta hortik ikusita, beharrizanak bere kabuz asebetetzeko ahalmen handia garatuz gero, lurraldea prestatuago legoke. Energia, garraio, etxebizitza, hezkuntza, osasun eta elikadura beharrizan oinarrizkoak asebetetzeko sistema globalizatuaren menpe dauden gizarteak baino prestatuago.

>> Maila globalean, duela hamarkada asko hasi zen landa eremutik hiriguneetarako migrazioa, batez ere itsasertzera. Gurean ere gertatzen da fenomeno hori, eta kontzentrazioak handiak dira Bilbon, Gasteizen, Iruñerrian eta BABen. Horrek, aldi berean, biztanleriaren galera handia eragin du zonalde periferikoetan; Pirinioetan eta Zuberoan, kasu. Eman al diezaiokegu buelta egoerari, eta gaur egungo parametroak orekatu?

Litekeena da gertaerek berek ekartzea egoeraren buelta, eta neurri batean, hiriguneak hustea. Dagoeneko ikusten ari gara zenbait pertsona landa eremura bueltatzen ari direla, nahiz eta oraindik gutxi izan. Askok kontrakoa uste badute ere, zentzuzkoa da pentsatzea etorkizuneko gizarteek nekazaritza eremuari lotuagoa dagoen metabolismoa izango dutela, tokian tokikoa eta energia berriztagarrietan oinarritua. Aurre lanak zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobeto moldatuko gara.

Hala ere, egiari zor, kontrako norantzan doazen inertzia asko ere badira. Mundu osoko kontzentrazio urbanoa da horren adibide garbia; gizateriaren gehiengoa hiri handietan bizi da jada, eta horiexek dira jasangarritasun ezaren gailurra. Gure herrian ere gertatzen da, eskala nabarmen txikiagoan bada ere. Bereziki mingarria da Ipar Euskal Herriaren kasua.

>> Zer puntutan gaude? Lurraldea hankaz gora jartzen ari al gara oraindik ere, edo hasiak al gara ordenatzen?

Oro har, badirudi handitzen ari direla Euskal Herriko lurralde arteko desorekak. Kasu batzuetan, eskualdeen arteko gorabeherak oso handiak dira zenbait alorretan; adibidez, egitura demografikoan eta migrazio saldoetan, ekoizpen egituran, lan merkatuan, gazteen langabezia tasan, pobrezia tasan, eta, oro har, bizi baldintzetan. Eta gorabehera horietako batzuk handitu egin dira krisiaren ondorioz. Gaur egun, adierazle onenak dituzten EAEko eskualdeek –Debagoiena, Tolosa, Goierri eta Aiaraldea- antzeko ezaugarriak dituzte: industriaren pisu nabarmenagoa eta berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustu handiagoa. Industriaren pisuaz harago, landa eremu garrantzitsua duten eskualdeak dira, eta biztanleria dentsitate txikiagoa dutenak.

Zonalde periferikoetako husteak zerikusi handia dauka lehen sektorean eta baserri txikietako nekazaritzan gertatzen ari denarekin. Azken bi hamarkadotan, laborantza ustiategien galera ikaragarria izan da, eta neurri batean lotura dauka Nekazaritza Politika Bateratuarekin. Nekazaritzaren eredu intentsiboa sustatzen du, gurean sustrai luzeagoak dituen eredu estentsiboaren kaltetan.

Energia menpekotasuna ez ezik, elikagaiekiko dugun kanpo menpekotasun tasa ere ikaragarria da Euskal Herrian. Mundu osoan, eta gurean ere bai, lehen sektorean ezartzearen alde egingo duten gazteak behar ditugu, baserri txikien nekazaritza ekologikoaren bidetik; izan ere, eraginkorragoa da, lanpostu gehiago sortzen ditu, eta txerto baten modukoa da elikagaien segurtasun faltari eta berotze globalari aurre egiteko. NBEk berak dio hori. Gainera, esaterako Txilen ekoitzitako sagar industrialak jaten jarraituko dugula pentsatzea apustu arriskutsua da, eta ziurrenik ez da gertatuko, gainera; etorkizun horri begira elikadura subiranotasuna eraiki behar dugu. Pragmatismoak berak hala agintzen digulako, eta gainera, gure kulturari, lurraldeari eta paisaiei eustea ere badugulako jokoan.

>> Energiaren alorrean egiturazko krisi baten aurrean gaude, eta petrolioaren prezioaren jaitsiera koiuntural batek ez du konponduko hori. Euskal Herriak erabateko menpekotasuna du alor horretan, nahiz eta hasia den energia eolikoa garatzen, bai eta fotovoltaikoa ere, azken honetan kasuak puntualagoak diren arren. Energiaren inportazioek dakarten gastu handiari eutsi al diezaiokegu epe ertainean?

Ez, ez da egingarria. Eta ziurrenik uste baino lehenago konturatuko gara horretaz. Gainera, mendebaldeko gizarteetan etorkizuna zuritzen dugu, energia berriztagarrien mitoaren lepotik. Etorkizuna iturri berriztagarrietan oinarritu beharko da, eta hori egia da, baina datuek diote nekez eutsiko diogula gure gaur egungo gizartearen konplexutasunari energia berriztagarrien bitartez (gainera, elektrizitatearen sorrera bermatzeko baino ez dute balio). Erregai fosilen parte hartze masibo eta merkea agortzen ari da, eta hura gabe, gaur egungo metabolismo sozioekonomikoa ez da bideragarria. Zer esanik ez, ezinezkoa da hura handitzen jarraitzea. Gainera, klima aldaketaren zurrunbilo diabolikoan ez sartzeko, erregai fosil gehienak bere horretan utzi beharko genituzke, zorupean, eta erauzi beharrekoa ez genuke erabili behar derrigorrezkoa dugun trantsizio handia egiteko baino.

Euskal gizartean, bere garaian nahiko trantsizio adimentsua egiten hasi ginen, petroliotik gasera. Baina hau baliabide propiorik gabe egiteak ahulgune handiak ditu: inportatutako erregaia izaten jarraitzen du, gainera CO2 isuriak sortzen ditu, eta hau ere agortuko da. Uste da gasaren erauzketak datorren hamarkadan joko duela goia, eta badaude estimazio ezkorragoak, gainera. Egiari zor, aurrerapen handiak egin ditugu eraginkortasunari dagokionez, askoz ere energia gutxiago kontsumitzen dugu BPG unitateko. 2008an 1980an baino %81 energia gutxiago behar izan genuen BPG kantitate bera ekoizteko. Baina ikuspegi globaletik, 80ko hamarkadatik 2008ra hazkunde nabarmena izan da energiaren kontsumoan (ondo ulertu behar da Jevonsen paradoxa deiturikoa). Energia eskariak 2008an izan du etena, krisiak eztanda egin eta jarduera produktiboa murriztean.

Era berean, CO2 gutxiago isurtzen dugu BPG unitateko, baina per capita isurietan Europako batez bestekotik gora gaude. Energia berriztagarrietan dugun kuotak txikia izaten jarraitzen du oraindik, nahiz eta egia den berriztagarrien geldialdiak zerikusia duela Madrildik araudian egin diren aldaketekin ere. Hau da, dena batzen badugu, ikusten dugu euskal ekonomia sostengaezinenetakoa dela, prozesu ekonomikoaren input zein outputei dagokienez.

>> Zer egin dezakegu sostengaezina den egoera honi buelta emateko?

Energia matrizea aldatu behar dugu. Jakina da etorkizuneko ekuazio energetiko jasangarriak hiru gauzarekin duela zerikusia, bereziki menpekotasun handia duten gizarteetan, Euskal Herrikoa, kasu: gure buruari eustea (kontsumoa nabarmen jaistea, alegia); eraginkortasuna; eta apustu oso estrategikoa egitea berriztagarrien alde, energiaren sorrera dibertsifikatuz eta onartuz gizarte konplexuei eutsi ahal izango diegula, baina ez gaur egun besteko konplexutasunari, eta are gutxiago metabolismo sozioekonomikoaren etengabeko hazkundeari.

Frackinga arnasbide nabarmena izan da sistemarentzat. Eta askok espero ez zuten erresilientzia agertu du. Baina frackingaren bitartez fosil ez konbentzionalekin egoskortzeak ez du zentzurik, askotariko arrazoiengatik. Ingurumenari ikaragarrizko kaltea eragiteaz gain, Energiaren Itzulkin Tasa hartu behar da kontuan (zenbat energia inbertitzen dugun eta zenbat eskuratzen dugun), eta emaitza oso apala da erregai fosil konbentzionalekin alderatuta. Gainera, ez dirudi uste bezainbat erreserba daudenik, eta Polonian gertatutakoa da horren erakusle. Bestalde, dagoeneko ari gara ikusten frackingak ez dituela aurreikuspenak betetzen, putzuak espero baino askoz ere azkarrago agortzen baitira. Bere ustiaketa ez da bideragarria prezio apaletan, eta itxura guztien arabera, beste finantza burbuila erraldoi bat izango da, dagoeneko eztanda egiten hasia dena. Mirakulu energetiko berria baino gehiago, agortzen ari den sistemaren azken hatsa izateko zantzuak ditu. Pentsatzekoa da sistema saiatuko dela muga berriak gainditzen fosil ez konbentzionalen alorrean; esaterako, metano hidratoaren bidez. Kontuak kontu, gaur egun dugun inbertitzeko ahalmena eta baliabide ekonomiko mugatuak ez genituzke alferrik galdu behar agortuta dagoen eta fosiletan oinarritzen den ereduan. Horretan xahututakoa ez da itzuliko, ez dugu eskuragarri izango ezinbestekoa zaigun berriztagarrietarako trantsizioan baliatzeko.

Bestalde, teknologiaren alorreko irtenbideak ez dira aski egoera historiko berriari aurre egiteko, nahiz eta gizarteak hala pentsatu eta erabateko fedea izan zientzia eta teknologian. Gizarte, kultura, ekonomia eta politikaren bidetik ere birplanteamendu sakonak egin beharko dira. Askok adierazi dute ekonomia planifikatzeko elementuak behar ditugula, eta jakina, sektore publikoaren sendotzea. Trantsizio energetiko handia oraintxe hasi behar genuke. Hau da, berez eta gordintasun osoz gauzatzen hasi baino lehen, oraindik bidea leuntzeko baliabideak ditugun honetan ekin beharko genioke.

>> Herri industrializatua da gurea, garapena helburu duena. Baina alternatibak ere sortu dira; hala nola, kooperatibak, auzolana, gizarte ekonomia sareak, banku etikoak eta desazkundearen inguruko mugimendua. Ba al dago nahikoa masa kritikorik bide horiek indartzeko, edo azkenerako osagarriak baino ez dira izango, garapenean eta kontsumoan oinarritutako eredu nagusiaren aurrean?

Urrats oso garrantzitsuak egin dira, bai. Esperientzia berri batzuk sortu dira, diseinu zibilizatorio berria dakartenak. Gaur egun ezin dugu esan alternatibarik ez dagoenik, honez gero makina bat alternatiba txiki ditugulako martxan ekoizpen, banaketa eta kontsumoari dagokionez. Eta horietan herritar gisa hartu dezakegu parte: banku etikoak (Fiare eta Coop57), energia kooperatibak (Goiener eta Energia Gara), kontsumo taldeen eztanda, zenbait lekutan abian dauden tokiko monetak… Gizarte mugimendu berriak ere badaude: Etxalde, elikadura subiranotasunaren inguruan; Ipar Euskal Herriko Bizi! mugimendua; Zero Zabor; Auzolan; Desazkundea; REASen biltzen den ekonomia solidario guztia, eta abar. Horiek guztiek ulertu dute beharrezkoa dela bestelako gizarte bat sortzea, eta ezin dugula orain arte bezala jarraitu, ekonomiaz pentsatuz eta harekin jokatuz gizarte sistema zabalago batean txertatuta egongo ez balitz bezala, haren zerbitzura egon beharko ez balu bezala.

Ezin dugu jarraitu bizitzari eusten dioten oinarriei kontra egiten dien ekonomia bat elikatzen. Ekoizpenak bat egin behar du beharrizanen asebetetzearekin, eta ez irabazien sorrerarekin edo hazkunde ekonomikoarekin. Eta gainera, agian garai moderno eta industrial honetako akats epistemologiko handiena den hori zuzentzen da horrela: giza komunitateak ez daude zulo ekologiko batean, mendebaldeko kulturan nagusi den fikzio antropozentrikoak hori sinestarazten badu ere. Hau da, ezin dugu gizarteekin jokatu sistema natural baten barruan egongo ez balira bezala, edo bere oinarri fisiko-biologikoekin loturarik izango ez balute bezala.

Esperientzia txiki hauek beharrezkoak dira tokian-tokian eta komunitateetan beste hegemonia batzuk eraikitzeko, nazioan ere efektu garrantzitsuak izango dituztenak. Aukera ematen dute arrakasta eskala txikian eta ertainean lortzeko lehenik; gustuko dugunaren alde lan egiteko, gustuko ez duguna suntsitzearen alde baino gehiago. Gainera, arautze efektuak dituzte sisteman bertan. Arriskua zera da, sistemaren zuzentzaile hutsak bihurtzea azkenerako, tarteka gertatzen diren fenomenoak baino ez izatea, muturretan bizirauten duten ekonomiak besterik ez, aldaketa mikro-soziologikoak, meritua duten saiakerak baina eraginkortasun gutxikoak. Ez da aski gaur egun duten inpaktuarekin. Aldaketa esanguratsuagoak eragiteko, oraindik urrun dagoen langa gainditu behar dute. Horregatik, haustura txiki horiek elikatzen jarraitu behar dugu, eta sortzen dituzten arrakalak zabaldu. Pragmatismo kontua ere bada: ezinbestekoa dugu hori erresilientzia handiagoa izateko eta datorrenaren aurrean prestatuago egoteko.

>> Zure hitzen arabera, badirudi esperientzia alternatiboak beharrezkoak direla, baina ez direla aski aldaketa kualitatibo horri aurre egiteko, zer edo zer gehiago behar dugula horretarako.

Ezinbestean etorriko zaigun agertoki historikoari hobeki aurre egiteko, hegemonia politikoak ere eraiki behar dira, gehiengo transbertsal handiak saretu, beste eskala eta instituzioetan ere eragiteko. Baina hegemonia politikoa ere ez da aski izango, Gramsci kontuan hartzen ez badugu eta hegemonia kulturala ere eraikitzen ez badugu. Eta horrek, gaur egun, zerikusia dauka aurrez esandakoarekin: giza ongizatearen zientzia ulertu, urritasuna oinarrizko betebehar kultural gisa identifikatu, soiltasuna sen onarekin elkarlotu.

Herritarrengana itzuliz, haien parte-hartzea “pasiboa” da jasangarritasunaren alorrean: instituzioek planifikatzen dituzte ohitura aldaketak, eta herritarrek horietara egokitu baino ez dute egiten. Hondakinen gaikako bilketa edo energia aurrezteko politikak dira horren adibide. Baina parte-hartze aktiborako eredua edo bottom-up eredua ere eraiki behar dugu: herritarrak izan daitezela trantsizio sozio-ekologikoaren sustatzaile, gai izan daitezela eliteak garaitzeko BAU (Business as Usual) delakoari eutsi nahi horretan, hau da, gaur egungo ekoizpen sistemari eta beren pribilegioei dieten atxikimenduan. Funtsezkoa da atzerapauso neoliberal edo produktibistak egitea galaraziko duen herritar multzoa artikulatzea, eta trantsizio sozio-ekologikoak behar dituen politikak ahalbidetuko dituena. Herritarrei ez zaie iskin egin behar, ez dira oztopotzat jo behar. Herritarrak lehen mailako subjektu izan behar dira jasangarritasuna eta erresilientzia eraikitzeko bidean, seguruagoa eta hain zaurgarria izango ez den mundu bat helburu. Euskal gizarteak lehengai interesgarriak ditu hori lortzeko. •

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak