Katalunia eta subiranotasun ekonomikoa

 

«Defizit fiskala independentziaren alde egiteko arrazoi garrantzitsua da, baina ez bakarra»

Katalunia independentziaren bide orrian idazten hasi dela esan daiteke, bertako bi alderdi politikoren eta eragile sozial katalanen azkeneko akordioaren arabera. Gaindegiak, behategi sozioekonomikoa den aldetik, ekonomiarekin loturiko auziei erreparatu nahi izan die. Horretarako,  Roger Fatjó ekonomialaria elkarrizketatu dugu, Bartzelonako Unibertsitatean Enpresa ikasketetan lizentziatua, nazioarteko estrategian aholkularia eta Cercle Catalá de Negocis zerbitzuaren arduraduna.

Balizko Katalunia independente batek EBtik irten beharra ekarriko duela ezeztatzen du Fatjók eta bi aldeentzat onuragarria izango den konponbidea adostuko dela dio, Europak ezin baitie 7 milioi katalani europar herritartasuna kendu. CCNko arduradunaren ustetan, dagoeneko ez da bideragarria kupo katalan batean oinarritutako akordio fiskal bat eta Katalunia independente batek baliabide gehiago lituzkeela baieztatu du, baita garapen kolektiborako aukera gehiago ere.

>> BEHA: Fatjó jauna, askotan entzun izan dugu Katalunia oso kaltetuta irteten dela Estatu espainolari ematen dionaren eta jasotzen duenaren arteko eragiketatik, hein batean bere eregimen fiskalagatik. Datuek hori baieztatzen dutela dirudi, gainera. Arrazoi nahikoa al da independentzia bultzatzeko?

Roger Fatjó: Kataluniak bere BPG-aren %8ko defizit fiskala du, hala diote bai Ekonomia eta Ogasun ministerioen kalkuluek (2008) bai Kataluniako Generalitateak etengabe egindako kalkuluek.

EAE-ko BPGaren %8a 5.000 milioi euro dira, defizit honen magnitudearen ideia bat egiteko. Honek esan nahiko luke Eusko Jaurlaritzako 2015erako aurrekontuetatik Hezkuntza, Hezkuntza Politika eta Kulturara bideratutako partida osoa (2.798 milioi) kendu beharko genukeela, baita Enplegu eta Gizarte Politikarako aurrekontu osoa ere (1.070 milioi). Edo Osasunera bideratutako aurrekontu guztia (3.395 milioi)  eta Segurtasunera bideratutakoa (616 milioi), eta oraindik ere nonbaitetik mila milioi beharko genituzke, aurrekontua behar bezala egiteko.

Edozein kasutan, defizit fiskala independentziaren alde egoteko arrazoi garrantzitsua da, baina ez bakarra. Identitatea, hizkuntza, historia eta gure interesen aurkakoak ez diren botere ekonomiko nahiz politikoa dituen gizartea garatu ahal izatea da beste arrazoietako bat. Hor dugu, era berean, mediterraneoko korridorea, aireportuen kudeaketa zentralizatua, Bartzelonako portuaren eraikitzea edota ETE katalanen errealitatearen aurka doazen politika ekonomikoak.

>> Fiskalitateaz gain, subiranoak ez izateak baditu beste kostu batzuk: azpiegitura handiak ezin kudeatzea, industria politika propioa ezin aurrera eramatea edo turismoari nazio ikuspegi batetik ezin erantzutea. Hortaz, kudeaketa propioak abantailak besterik ez ditu ala badu oztoporen bat? 

Estatu propioa izateak ez du esan nahi berez kudeaketa hobe bat izango dugunik, baina lehen aldiz estatuak ez luke katalanen interesen aurka egingo. Espainiaren parte izateak, hipotetikoki, barne merkatu handiago batera sarbidea ematen digu eta baita segurtasuna ere, herrialde handiek txikiek baino etorkizun gehiago omen dutelako. Zoritxarrez, lehenengo argudioak XX mendean baino ez zuen zentzurik, ez orain, interkonektatutako mundu honetan.

Estatu handien abantailen argudioari dagokionean, nahikoa dugu Munduko Foro Ekonomikoaren Lehiakortasunerako Indize Globalari begiratzea konturatzeko Suitza, Singapur edo Finlandia direla zerrenda horren buru. Credit Suisse-ren “The success of small countries”  ikerketa ere har dezakegu, zeinetan baieztatzen den Katalunia independente batek gaur egun duen garapen indizea baino altuagoa izango lukeela, baita Katalunia gabeko Espainiarena baino altuagoa ere.

>> Subiranotasunaren aurkakoek Katalunia EBtik kanpo geldituko litzatekeela diote eta eurotik ere aterako litzatekeela. Europako ordezkarien adierazpenek ere hori iradoki izan dute. Bideragarria al da Katalunia independente bat Europako Banku Zentralaren finantzazio sistematik kanpo? Zein dira balizko irteera baten aurrean finantzaziorako aurreikusten diren alternatibak?

Europako zenbait ordezkarik adierazi izan dute Katalunia Europar Batasunetik kanpo geldituko litzatekeela, eta, beraz, kide izateko eskaera egin beharko lukeela, inoiz izan ez balitz bezala. Baina ez dago estatu baten eszisioak EBtik kanporatzea dakarrela dioen legerik. 

Europar Batasuna estatuen erakunde bat da, hortaz, ez du eszisioak sustatzeko inolako interesik. 1990. urtean, ordea, legedi zehatzik ez zegoenez, 24 ordutan onartu zen 16 milioi ekialdeko alemaniarren sarrera Alemaniaren bateratzearekin. Katalunia benetan independente bilakatzen den momentuan Europar Batasunak ezingo die, eta ez du nahiko, europar herritartasuna kendu 7 milioi katalani.

>> Kataluniako ekonomiak oso harreman estua du espainolarekin, mendeetan estatu berean bizitu baitira. Enpresari katalanak merkatu galera baten beldur al dira, merkatu espainolean produktu katalanei uko egiteko deialdia sortu zelako? Zein beste herrialde edo esparru komertzialek hartuko lukete indarra Made in Catalunya produktu horiek saltzeko?

Kataluniako ekonomia nazioarteko ekonomia da. 2013an Kataluniako esportazioen %43 Estatuko beste zonaldetara bideratu ziren, eta %57a beste herrialdeetara. Espainiako Kanpo Ministerioaren aurreikuspenen arabera, muga efektuak BPGaren %20ko jaitsiera ekarriko luke, baina kalkuluek ez dute inolako zehaztasun ekonomikorik eta argudioak erabat faltsuak dira. CATN-ek (Consell Assesor per la Transició Nacional) egindako txosten sakon batean Kanpo Ministerioaren amarruak azaltzen ditu eta estimazio berriak egiten: epealdi batean boikota gertatuko balitz, BPGaren %1 - %2 arteko eragina izango luke.

Izan ere, identitatearekin zerikusia duen boikota produktu bukatuetan besterik ez da posible. Horiek produktu guztien herena dira, besteak bitartekoak direlako edota kapitala. 2005ean ospetsu bihurtutako cavari boikota da horren adibidea: barne merkatuan jasandako galerak kanpo merkatuko salmentekin soberan konpentsatu ziren.

>> Katalunian kokatzen diren hainbat multinazionalek ulertzera eman dute Madrilera egingo luketela salto prozesu independentista konfirmatuko balitz. Cercle-tik kezkatuta al zaudete Espainiara joko duten enpresarien ihesagatik? Baliteke mugimendu hori gertatzea, ekonomikoa baino gehiago politikoa izanda ere?

Enpresa bakoitza askea da bere matrizea egoki deritzon tokian kokatzeko. Dena den, litekeena da euren jarduera Katalunian garatu nahi duten enpresek filial bat jartzea independente izanik ere, munduko beste edozein tokitan egiten duten bezalaxe. Planeta editorialak (halako adierazpenak egin dituen bat aipatzearren), esaterako, bere egoitza Madrilera aldatuko balu, Katalunian duen merkatu kuota mantendu nahiko luke, beraz, seguru aski delegazio bat ezarriko luke.   

>> Nahiz eta Europa hegoaldeko herria izan, Kataluniak iparraldeko herrien ezaugarriak dituela baieztatu izan duzue. Gainera, diru-kutxa komunitarioei dagokionean, zergadun garbia dela diozue (1.500 milioi euro urtean) eta hori antzeko herrialdeentzat erakargarri izan daitekeela. Europar Batasunak Katalunia berriz onartzeko arrazoi izan daiteke hori, independentzia lortuta kanporatuko balute?

Ez dugu irudikatzen Europar Batasunak Katalunia kanporatuko duenik. Momentua iristen denean, adostutako konponbidea bilatuko da. Ez da EBren altruismoari esker izango, baizik eta beste estatu kideen interesengatik: ez dituzte 7 milioi herritar galdu nahi izango, ez eta interes estrategikoa duen herrialde bat ere. Eta erabakigarritzat jotzen ez dudan arrean, Europako diru-kutxetarako zergadun garbi bat ere ez.

>> Krisi ekonomikoak bete-betean eragin die Katalunian gizarte zerbitzuei, osasunari eta gizarte laguntzari. Katalunia independente batek izango luke egonkortasun nahikorik gizarte segurantza, osasun sistema eta pentsio sistema bideragarriak aurrera ateratzeko, bai epe ertainera bai epe luzera?

Krisiaren eraginez, Kataluniako Generalitateak 3.000 milioi euro murriztu behar izan ditu osasun arloan. Gogoratu beharra dago urtero 16.000 milioi eurotan hazten dela bere defizit fiskala.   

Espainiako gizarte segurantza banaketa sistema bat da, alegia, egungo langileen kotizazioek ordaintzen dituzte egungo pentsioak. Kataluniako pentsio/kotizazio ratioa Estatukoa baino hobea izan da historikoki, baita krisialdian ere. Beraz, pentsioen babesa bermatuagoa dago Katalunia independente batean Espainian gelditzen bagara baino.

>>  Hego Euskal Herriak berezko zerga sistema du, ogasun propioak dituen aldetik. Estatuak Kataluniari halako irtenbidea emango balio, balantza fiskala orekatuko lukeena, atzera bueltarik al luke subiranotasun prozesuak? Haustura saihestu al daiteke Kataluniako zerga guztiak bertan bilduz eta Estatuaren zerbitzuen truke kupo bidez Madrili konpentsatuz, ala beranduegi da hori planteatzeko?

Hori ez da Artur Mas presidenteak Raxoi jaunari eskatu ziona ere, azkenean bertan behera gelditu zen Itun Fiskalean. Proposamen honek bilatzen zuena zen Estatu zentralak banaketa egiterakoan Kataluniak  per capita BPG posizioa ez galtzea. Ez zuen Kataluniak Estatuarekiko duen solidaritatea ezabatzen.

Dena dela, katalan askok posible zela uste bazuten ere, Itun Fiskalari uko egin ziotenean eta 2010ean Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatut berriaren aurkako sententzia atera zuenean baieztatu zen ezinezkoa dela Katalunia Espainian txertatzea. Hori dela eta, gaur egun ez da posible kupo katalana, ezinezkoa baita Espainiak menpeko hartuko ez duen Katalunia bat. 

>> Independentzia zilegi den desira bat da edozein naziorentzat. Kataluniarentzat hala izanik, honek lortuko al luke katalanen eguneroko bizitza hobetzea?

Ikertu ditugun adierazle ekonomiko guztiek frogatzen digute Katalunia independente batek baliabide gehiago lituzkeela, baita garapen kolektiborako aukera ugariagoak ere. Izatez, Espainiako gobernuak ere ez dio uko egiten Katalunia independente baten bideragarritasun ekonomikoari, eta akademiko ospetsuek eta Nobel saridunek baieztatu egiten dute.

Espainiako gobernuak eskura dituen arma guztiak erabiliko ditu (dagoeneko horretan ari da) Kataluniaren independentziaren aurka egiteko, legezko armak eta legez kanpokoak ere bai. Baina Katalunia independentzia aldarrikatzen duenean baliabide indartsuak izango ditugu negoziazioari aurre egiteko: aktibo eta pasiboen negoziazioa, automatikoki Europar Batasuneko kide izaten jarraitzea edo Espainia herrialde gisa desegitea ere, Txekoslovakiarekin edo SESBekin (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) gertatu bezala. Alde desberdinen borondateen araberakoa izango da. •

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak