EUSKAL FINANTZA SISTEMA: BEGIRADA LABURRA ETORKIZUNEKO ERRONKEI

Xabier Egibar Gainza
Negozio Garapenaren Areako Zuzendaria Laboral Kutxan

EUSKAL FINANTZA SISTEMA: BEGIRADA LABURRA ETORKIZUNEKO ERRONKEI

2007ko abuztuan finantza-krisia lehertu zenetik, banku-sistema tunel luze batean sartuta dago; luzaroegi ez irautea espero dugu, baina dena dela, bertatik irteten garenean aldaketa garrantzitsuak jasan dituen egoera aurkituko dugu. Estatuan, adibidez, sistemaren antolamendua bera goitik behera aldatuko da, krisiaren aurretik kutxak, bankuak eta kreditu-kooperatibak zeuden lekuan kutxak desagertu egingo direlako eta, gainerako bi kolektiboei dagokienez, erakundeen kopurua nabarmen murriztuko delako. Gauzak horrela, egoera berrian askoz ere erakunde gutxiago arituko dira sektorean.

Krisiaren aurretik zabalkunde-garai luzea ezagutu genuen; kreditua erraz eta merke eskuratzen zen eta, lehia gogorrari eutsi ahal izateko, sektorearen historian inoiz ez bezalako apalankamendu-mailak gertatu ziren. Harrezkero baina, krisiaren ondorioz, negozioaren oinarrizko politikak birbideratu egin behar izan dira: kapitalizazio-mailak indartu egin dira, likidezia-oreka birbideratu egin da, eta iraganeko hutsegiteek eragindako berankortasuna (ahal izan den heinean) kontrolatu egin behar izan da.

Denok dakigun bezala, Euskal Herriko erakundeek, oro har, eta CANen egoera alde batera utzita, ondo eutsi diote ekaitz handi horren oldarrari. Alde batetik banku-kudeaketa zorrotzagoa egin dutelako eta, bestetik, jarduten duten lurraldearen aldagai ekonomikoak ez direlako beste leku batzuetan bezainbeste narriatu. Eta adierazpen honetan, ez ditut gure ekonomian hain paper garrantzitsua betetzen duten elkarrekiko berme erakundeak ahaztu nahi, hau da Elkargi eta Oinarri. Ukaezina da, ordea, ez gaudela aldaketa-prozesu horietatik kanpo, azken hiletan Kutxabank sortzearen eta kutxak fundazio bihurtzearen inguruko eztabaidek agerian uzten duten bezala.  Egia da, halaber, kreditu-kooperatibaren eredua jardunik kapitalistenaren ondorioak jasateko arriskuan egon dela, nahiz eta badirudien azkenean kreditu-kooperatibek gure nortasunari eta ezaugarri nagusiei eusten jarraitzeko moduan egongo garela eta, ildo beretik, gizarte-ekonomiako ikuspegiari ere eutsi ahal izango diogula, Estatuko kutxek baino banku-jardun ortodoxoagoa egin izanaren bermea dugulako.

Halatan, bada, azken urteotan “itsasontzia orekatzen” aritu ondoren (alegia, lehen esan dugun bezala, kaudimena indartzen, likidezia orekatzen eta errentagarritasuna eta efizientzia hobetzen aritu ondoren), burua altxatu, merkatuari eta etorkizunari begiratu eta begi-bistan dituen erronka handiei aurre egiteko unea iritsi zaio euskal finantza-sistemari.

Epe laburrean, interes-tasen egoera estuaren ondorioz ataka txarrean dagoen negozioaren errentagarritasuna indartzen jarraitzea izango da erronka nagusia. Horregatik, datozen hiletan kreditu-eskaintza hobetu eta jakinarazteko ahaleginetan zentratzen ikusiko dugu sektorea, horrela lortuko baitu zorroak azken urteetan izan duen beherakada etengabea hein batean orekatzea. Horretaz gain, baina, diru-iturriak areagotzeko eta dibertsifikatzeko zeregina ere landuko dute; adibidez, aseguru-negozioetara irekitzeko beharrizana.

Dena dela, epe ertain eta luzerako erronkak are interesgarriagoak direlakoan nago. Izan ere, Mc Kinsey aholkularitza-enpresak berrikitan kaleratutako txosten batean aurreikusi duenez, munduko 500 banku nagusietatik 100 ez dira datozen bi urteetan merkatuan egongo. Krisiaren alderdirik agerikoenarekin, hau da, alderdi ekonomikoarekin paraleloan, “retail” merkatuaren beraren eraldaketa ere gertatzen ari da. Merkatu berri horretan erakunde gutxiago baina indartsuagoak egongo dira eta, batez ere, Internet, mugikorra eta digitalizazioa indarrez sartu izanak funtsezko aldaketak eragingo ditu bezeroaren portaeran, eta egoera horrek barne-produktu eta -prozesuak arintzea ekarriko du ezinbestean.

Horiek horrela, eta gure Erakundeek etorkizunean dituzten erronkak zerrendatuz, honako hauek aipatuko nituzke:

  • Basilea IIIk ekarritako eskakizunek ezaugarritzen duten araubide berriari egokitzeko premia. Izan ere, araudi berriak kapitalizazio-eskakizun handiagoak eta, beraz, apalankamenduari eta errentagarritasunari lotutako ondorioak ekarri ditu.
  • Lehenago aipatu dugun bezala, lehia berriari egokitzeko premia egongo da, aurrerantzean merkatuetan, bezeroetan eta produktu/prezio politiketan berritu, komunikatu eta inbertitzeko gaitasun handiagoa izango duten tamaina handiagoko erakundeak izango baititugu aurrean. Are gehiago, erakunde horiek Euskal Herrian posizioak irabazteko irrika berezia izango dute, gure lurraldearen egoera pribilegiatua kontuan hartuta.
  • Argi eta garbi zehaztu beharko dugu zer merkatu, negozio eta segmentutan egon nahi dugun, eta merkatuari negozio-eredu eta balio-proposamen zehatza egin beharko diogu, lehiakide handiagoei aurre egiteko dugun indar erlatiboa aprobetxatuz lehiatu ahal izateko.  
  • Ezarritako gaitasuna arrazionalizatu eta efizientzia hobetu beharko dugu, bankaren gaur egungo kostuak handiegiak baitira etorkizuneko egoera horretarako. Sukurtsal-sareei dagokionez, krisiaren aurretik Estatuan zegoen gaitasunaren % 25etik gora itxi den arren (12.500 sukurtsal baino gehiago itxi baitira aldi horretan), oraindik orain Europako batez bestekoa baino dezente gorago daude Estatuko ratioak.
  • Digitalizazioan eta multikanalitatean (hobeto esanda, omnikanalitatean) aurrera egin behar dugu, gaur egun pisutsuegia den banaketa-eredua aldarazi eta kanal guztietan bezeroari esperientzia homogeneoa eskaini ahal izateko. Horretaz gain, baina, efizientziaren alorrean sortzen ari diren potentzialtasun berriak aprobetxatzen jakin behar dugu. Adibidez, datu-baseen erabileraren (big dataren) bidez bezeroa hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, eta negozio-konektagarritasuna eta -adimena handituz, errentagarritasun-iturri berriak sortu ahal izango ditugu.
  • Horrek guztiak enpresan, pertsonengan eta portaeretan aldaketa handiak egin beharra dakar. Izan ere, historikoki eskaria kudeatzen jardun duen industria horrek, etorkizunean, bezeroaren eraldaketak eta beharrizan berriak ulertu beharko ditu; harengan zentratu eta proaktibotasun eta malgutasun handiagoz jardun beharko du; eta teknologia erabiltzeko gaitasun handia erakutsi beharko du, etengabeko konektagarritasunari aurre egin ahal izateko.
  • Gure irudia birsortu behar dugu, sektorearen jardunaren eta portaeraren ondorioz, gizarteak berarengan duen konfiantza nabarmen murriztu delako. Horrenbestez, gure balioengatik, eta pertsonekiko, enpresekiko eta industria-ehunarekiko dugun inplikazioagatik, euskaldunei bertoko erakundeekin lan egitearen garrantzia jakinarazteko erronka dugu aurrean. “Banka handiarekiko” bereiziko gaituen diskurtso sinesgarria eraiki behar dugu; bezeroekiko dugun harremanari zentzua eman behar diogu, profesionaltasuna eta produktu eta zerbitzu lehiakorrak eskaintzeaz harago. Gure Herriko finantza-zirkuitua lotu behar dugu, inbertsioa eta negozioaren errentagarritasuna gure lurretan bertan isla dadin.

Eta, zuen baimenarekin, azken gogoeta bat ere egin nahi dut: denok ados egongo gara gure ekonomiaren erronka nagusietako bat ehun produktiboa ahalik eta gehien salbatzea dela esaten badut. Izan ere, horrela lortuko dugu etorkizuneko merkatuan lehiatzea, erabaki-zentroen sustraitzea babestu eta aberastasuna sortzea, negozio-prozesuetan balio handiena duten alderdiak bertan finkatzea, eta beraien ezagutzarekiko kontrolari eustea.

Bada, finantza-sektoreari buruz ere gauza bera esan dezakegu. Gure garapenerako ezinbestekoa da gure lurraldean bertan sustraitutako finantza-erakundeak egotea. Bertako biztanleen aurrezkia jaso eta aurrezki hori enpresetan eta partikularrengan inbertitzearen jardunaz harago, bertako enpresek Euskal Herriarekiko ikuspegi berezia gordeko dute. Kanpoko erakundeentzat ez bezala, bertako erakundeentzat gure lurra ez da merkatu eta negozio-potentzial hutsa izango, eta arduraz jardungo dute, lurralde-garapenean lagundu eta ehun produktiboan duten presentzia epe luzera ikusita. Eta ez dugu ahantzi behar egoitzak berton edukitzeak dakarren ezagutza-fluxu garrantzitsua. Ezagutza hori behin betiko xahutu da Espainiako autonomia erkidego gehienetan, eta merkatu hutsari lotutako erakarpen- eta inbertsio-sareak baino ez zaizkie gelditzen orain.

Nire iritzian, Erakunde sendo eta profesionalak ditugu, gure gizarteak eta gure ekonomiak behar dituzten erantzunak eskaintzeko gaitasun handiarekin. Alabaina, ahalmen eta igurikimen horiek errealitatean hezurmamitu behar ditugu; frogatu egin behar dugu zehaztutako erronkei erantzuteko eta finantza-egoera berrian hoberenekin lehiatzeko gai garela. Horretan jarri behar dugu geure ahalegin osoa, gure jardunaren ondorioak, finantza-negozioaz harago, gure ekonomia eta gizarte osora hedatzen direlako.  ●

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak