Enkarterriak: Bultzada endogenoaren zain

Josu Larrinaga Arza
EHUko Antropologia Sozialaren irakaslea, Parte Hartuz Ikerketa-taldekidea

ENKARTERRIAK. BULTZADA ENDOGENOAREN ZAIN

 

Egunotan Enkarterriak eskualdea albisteetan dago Kadagua ibaiak eragindako uholdeengatik; “uriolak desertuan”, pentsatuko du norbaitek, izan ere normalean Kadagua haraneko herriak notizietan agertzen dira basamortu industriala bilakatzen ari direlako: azkena Arkema kimikoa izan da, sektore bereko Reckitt&Colman joan zen orain urte gutxi, Alonsotegiko Mure, Aranguren aldeko paperoletan etengabea da lanpostuen desagerpena eta ixteko mehatxuak.. Bizkaiko Aldundiak, noizean behin, diru-inbertsioren bat egiten du enpresen desagerpena geldiarazteko, baina horretan ere ez da sumatzen aurrera begirako ihesa baino: ezaguna da zenbait enpresetan klientelismo politikoak (eta sindikalak) funtzionatu zuela langileak kontratatzean, eta orain horiek euren lanpostuak defenditzeko mobilizatzen direnean, eskualdean botere politiko handien eskuratzen duen alderdiak arriskuan ikusten du bere oinarri elektorala... Azkenean diagnostikoa argia da: enpresa multinazionalek alde egiten dute lehen etortzen ziren moduan, euren interesen arabera eta gaur egungo egoera globalean ez dago, ez kontrabotere sindikalik, ez estrategia politikarik, hori galgatzeko ahalmena duenik. Kadagua ibaiak, igotzen denean, betiko pabiloiak ureztatzen ditu, baina gero eta langile gutxiago sartzen ditu oinak ur lohi horietan..

Kadagua ibaiak uholde ugari eragiten du erreka emaritsua delako eta, noski, euria egiten duelako, baina baita bere burualdean, Burgoseko Mena haranean, Ordunte urtegia dagoelako ere: Bilboko Udalarena da urtegia eta hiri hori hornitzen du ura edangarriaz, euri asko egiten badu eta oso beteta badago, askatu behar eta uholdea tokatzen zaio Balmasedatik Bilboko Zorrotzaraino doan haranari, Enkarterrietako bizkarrezurra, populazioari eta industria(eza)ri dagokionez. Bai Kadagua harana Bilbao Metropolitanoko atzeko patioa da, ur edangarrien fluxua goitik behera doa eta kontrako norabidean datoz hiri handiko zaborrak Artigas aldeko zabortegi eta erraustegira, hondakin arriskutsuak Zallako hondakindegira,... Jaurlaritzaren kapitala duen SHESA enpresak fracking teknikaren bidez ustiatu nahi lituzkeen lehenengo putzuetako bat Mena aldean dago, Burgoseko lurraldean, baina balizko isuketak eta kutsadurak Kadaguara joango lirateke. Atzeko patio honek, berriz, azken urteotan, hobekuntza nabarmena ezagutu du komunikabideetan autobide berriari esker; honek ekarri du populazioa nabarmen igotzea zenbait guneetan –Gordexolan, Zallan, Güeñesen, Sopuertan-, jende gehiagok egiten du lo herriotan, baina honek dakartzan osasun, kultura, kirol eta hezkuntza ekipamendu handiagoen beharrei ez zaie erantzun behar bezala: udalek ez dute diru-ahalmen propiorik eta beti eskean ibili behar dute; lurralde planifikazioan etxebizitzen eraikipena kontutan hartu zen, burbilak asmo faraonikoak lehertu zituen arte, beste guztia merkatua, zoria edo auskalo zeren esku utzi zen... A bai, turismoa! Turismoak sortzen dituen lanpostu eskas eta prekarioak, horiek ere urri, eta ez urre.

Zertxobait alde al du Enkarterriak? Beno, eskualde handia da hedaduraz eta baso eta mendiko lur gehienak publikoak dira, paperolen garai loriatsuetan pinuz josi ziren mendi eta zelaiak eta orain horrela darraite monokultiboak dakartzan arazoek janda: izurriteak, suteak... Baina zerra-industriarik ere ez da garatu, zuraren balio erantsia, egotekotan, kanpora doa. Balmaseda aldean egon zen tradizioa altzarigintzan baina gero produktua kanpotik zekarten salmentarako superfizie handiek hondatu zuten artisautza hori eta azkenean Barakaldon kokatu zen multinazional handiago batek, eta krisiak, negozio osoa hondatu zuten.

Azken honek erakusten digu, ziurrenik, eskualdearen arazo handiena zein den: beti espero da konponbidea kanpotik etorriko dela: azken urteotan Enkarterri Group izeneko ekimen publiko-pribatu batek planteatu ditu oso aukera galaktikoak zura edo egurraren negozioan aritzeko: balizko patente japoniar bat bioplastikoak egiteko, baita bioerregaiak ere.. Baina beti bertako inbertsoreak bilatzen dira (eta ez daude, instituzioak ez badira) know how delakoa, eta, beraz, balio erantsia, beste leku batetik datorren eta beste poltsiko batzuetara doan estrategia baten menpe. Bertako ekimena, bertako talentu eta jakintza ez dira ez babesten, ez eta bultzatzen ere. Eskualde osoan ez dago Lanbide Hezkuntzaren zentro publiko bakarra ere, eta ez da ezagutzen epe ertainera begiratzen duen inolako planifikazio politikorik holako ekimenak, edo sikiera, kezkak, antolatu eta babesteko. Jende gazteak askoz errazago du bertatik alde egitea –noski, ikasi nahi badu hori egin behar du derrigor- geratzea baino, eta doana gero bisitan dator, edo lo egitera.

Enkarterriak ez dira soilik Kadaguako haran desindustrializatu eta gentrifikatua edota Ibarrezkerreko auzo erresidentzialak bilakatu diren Sopuerta eta Galdames bezalako herriak. Badaude ere Goi-Enkarterriak deitu ahal ditugun herri errural peto-petoak: Karrantza, Lanestosa, Artzentales, Turtzioz, Villaverde. Horiek Europear Batasunak gainbeheran dagoen mendi-nekazaritzako eskualdetzat jo zituen aspaldian (baina halako eskualdetarako zeuden laguntzak joan dira ekialdeko estatuetara, jakina denez) eta egoera estruktural horretan segitzen dute. Baina hortxe, Karrantza Haranean, azken urteotako albiste pozgarriena sortu da: bertako abeltzainek –ez denek, baina bai kopuru handi batek- Bizkaia (eta Euskal Herria) Esnea enpresa eta marka sortu dute euren behien produkturako prezio duinak lortze aldera eta eredu argigarria eman dute: euskal jendearen elkartasuna eskatu dute bertako produktua kontsumitzeko; antolakuntzarako eta publizitaterako ezagutza eta kemen autoktonoa bideratzen, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen, jakin izan dute (ez da makala izan Gordexola herri txikitik jaso duten laguntza) eta buelta eman diote esne-abeltzaintzak bizi duen egoera larria. Orandik bide malkartsua daukate –monokultiboa inoiz ez da fidagarria, are gutxiago kanpoko input-en (pentzua, ongarriak) menpe dagoen esnearena bezalako produkzio batean- eta tamalgarria da oraindik bere produkzioa Espainia aldean ontziratu behar izatea (asunto honetan Jaurlaritzak beti bultzatu duen beste esne-enpresaren -gaur egun, gainera, multinazional baten esku- fede txarraz hiz egitea luze joko luke) baina hori ere badirudi konpontze bidean doala, neurri handi batean Karrantzako Udalean orain dagoen bulkada berriari esker.

Historialariek diote Kadagua Haraneko industrializazioa bertako ekimentsuek gidatua izan zela eta mendeetako tradizioa egon dela eskualdean Bilbo hiriko elikadura beharrak asetzeko (nabermenki ogiaren ekoizpenean). Gaur egun hori islatzen da Karrantza Haraneko esnearen inguruko ekimenean. Hau izan dadila bertako bultzadaren legamia, lidergo endogenoen garaia da.  ●

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak