Enplegua eta XXI. mendeko unibertsitatea

Maite Zelaia Garagarza
EHUko errektoreordea

Euskal Herriko Unibertsitateak, euskal gizartearen oinarrizko elementu gisa, bere xedeen artean dauka titulatuen enplegagarritasunaren sustapena. Hori dela eta, erakundearen barnean beharrezko pertsonala eta baliabide materialak aurreikusten ditu unibertsitate ikastegietan gaiaren erantzukizuna duten pertsonen eta zerbitzu zentralen arteko elkarlana koordinatu asmoz. Modu horretan eta ez bestela lor genezake kanpo erakundeek (autonomikoak, estatukoak edo nazioartekoak) abiaraziriko edo Unibertsitate barnean jaiotako enplegu eta praktika politikak eraginkortasunez gauzatzea.

Baina, egungo egoerak ahaleginak indartu beharra dakarkigu. Preseski, unibertsitate tituludunen laneratzean, zuzenean edo eta zeharka, eragiten diguten mugak aurkitzen baititugu. Modu zuzenean, enbata gogorra suposatu du egungo egoera ekonomikoak, eremu pribatuko lanpostuen desagerpenarekin eta berrien sortze mugatuarekin. Horrez gain, kontutan izanik, UPV/EHUko zenbait titulazioren irtenbide naturala, orain artean, administrazio publikoa izan dela, plaza publikoen eskaintzaren izozketak ere zuzeneko eragina izan du.

Zeharkako moduan, teknologiaren eta industriaren eremuan emaniko inbertsio politika hertsiak aipatu eremuen garapenaren geldotzea izan du ondorio, eremu horiek izanik kalitatezko enplegu eskaintza sortzeko eta kualifikazio altuko profilak barneratzeko gai direnak, teknologo eta doktoreak adibide. Halaber, zeharbidez eragiten du kontratazioaren eta praktikaldien eremuko arautegien alorrean jasaten ari garen segurtasun juridiko falta, batez ere, ikasleen eta titulatuen praktikaldien inguruan izaniko arauzko ziurgabetasuna dela medio.

Eskenatoki honetan, UPV/EHUren eginkizuna gradu eta graduondoko titulazioen eskaintzaren katalogoa beti irekita mantentzea da, ezelan ere itxi gabe, ingurune ekonomiko eta sozialaren premiei egokituriko eta horietara doitutako akademi eskaintza egin behar duen erakunde publikoa baita. Hau da modu bakarra da gizarteak eskatzen duenari bizkortasunez erantzun nahi badiogu, gizarte honi beroni eman behar baitiogu kontu, aipatutako katalogoaren diseinuarekin asmatuz, momentu guztietan unean uneko premietara egokitutako eskaintza izatea lortu behar baitugu. Funtsean, gure xedea hezkuntza eskaintza egiazko eskarietara moldatzean datza, baina aintzat hartuta UPV/EHU unibertsitate publikoa dela, jakintza arlo orotarikoa, bere hezkuntza eskaintza ezaugarri honen arabera haztatu behar duena.

Arlo honetan, azpimarratu behar da UPV/EHUk gure titulatuen hezkuntza ibilbidea eta lanbide familia bakoitzaren premiak bertatik bertara ezagutzen dituela, gai izan behar dugularik arlorik arlo banakako ebazpideak ematen.  Harreman jarraitua mantentzen dugu enpresa munduarekin eta kanpoko eragileekin. Horren erakusle dira praktikak (7000 baino gehiago akademi ikasturteko), jakintza eta ikerkuntzaren transferentzia. Sinergia hauek probestu behar ditugu, erabakiak beharra baino lehen hartu ahal izateko.

Hain zuzen ere, lanpostuen sorrerari lotutako kanpoko eragileekiko harremanari esker ondorioztatu dugu akademiaren eta lanaren arloen arteko distantzia murriztu beharra dagoela, unibertsitateko ikasleak praktikaren eremuan heziz. UPV/EHUk uste du curriculumaren barru zein kanpoko praktikak direla arlo akademikoaren eta lan eremuaren arteko distantzia laburtzeko elementu esanguratsuena, gaitasun profesional eta pertsonal erabilgarriak ematen baitizkiete ikasleei lan eremuan hobeto moldatzen laguntzeko.

Ildo honetan, aipatu beharra dago, Lanbidek UPV/EHUko titulatuen lan txertatzearen inguruan egin dituen azterketen arabera, unibertsitateko ikasketak egin bitartean, erakunde, enpresa edo gizarte entitateetan praktikaldiak (curriculum barruko nahiz kanpoko) egin dituzten ikasleak hiru hilabete lehenago hasten direla lanpostu batean, praktika programetan parte hartu ez dutenekin alderatzen baditugu.

Alabaina, ez da datu bat ahaztu behar, jakina izanik ere, sarri aipatzen ez dena. Praktika programa guztiak, curriculumekoak eta kanpokoak, hezkuntza akademikoaren irizpideari lotetsita daude. Bestela esateko, praktikak ikasleen hezkuntza akademikoaren atala dira, berebiziko garrantzia hartzen duena lan merkatura sartzeko bide gisa, baina ez direla lanpostu. Praktikan ari den unibertsitateko ikaslea hezkuntza akademikoaren beste fase batean ari da eta unibertsitateak hala bermatu behar du, hezkuntza erakundeak berak eta, praktika jasotzen duen entitateak egin behar duten tutoretza akademikoa bitarte.

UPV/EHUren etorkizuneko erronkek hezkuntzaren hobekuntza eten bakoa izan behar dute ardatz epe labur/ertainera, bai eta praktika programak biziberritzea ere. Hain zuzen ere, gure oinarrizko tresna gradu eta graduondoko hezkuntza eskaintza da, erakargarria, premietara egokitu eta moldatua. Ingurunearen premiei aurre ere hartuko diena. Honi etengabeko hezkuntza gehitu behar diogu, lan jardun aktiboan ari diren pertsonek gaitasun eta trebetasunik gal ez dezaten, denboraren iragateak berak higatuta.

Baina hezkuntza eskaintzak, apartekoa izanda ere, esangura gal dezake zeharo, enpresa, gizarte eta erakundeekiko kanpo sarearen lotura eta fidelizazioa lortu ezean, gure ikasleen praktikak berorietan txertatu ezinean geratuko baikinateke. Arlo honetan, geuk diseinatutako nahiz kanpoan diseinatutako praktika programetan hartzen dugu parte. Bitez adibide UPV/EHUk azken garai hauetan garatu dituen praktika programak, esaterako, Lehen Aukera-UPV/EHU; ERASMUS+/EPEZ; Global Training; Santander fundazioa-CRUE-CEPYME bekak; Garaituz programa (UPV/EHUk Gipuzkoako foru diputazioarekin sinatu berri duen hitzarmena, zeinari esker 90 ikaslek baino gehiago Gipuzkoako lurralde historikoan ordaindutako praktikak egingo ahal dituzten)

Bide bakarra da aurrera egin eta jakintza sortu eta besterenganatzeko. Pertsonak heztea etorkizunerako berme da. Jakintzarik ezean, ez dago teknologia sortzerik. Jakintzarik ezean, ez dago berrikuntzarik ezelako arlo eta eremutan, ez ekoizpenean, ez gizartean, ez zerbitzuetan... Jakintza da, hain zuzen, gizarte ongizatearen abiapuntua. Ez dago berrikuntzarik, jakintzarik ez badago.

Jakinik historian izan dugun belaunaldirik prestatuena dugula eta gure enpresa ehuna erlatiboki indartsua dela, krisi ekonomikoaren abagunea aprobetxatu behar dugu aukera litezkeen zokoak eta guneak atzeman eta ildo horretan aurrera egiteko. Premiazkoa da unibertsitateak aurrea hartu eta, egungo egoeraz baliatuta, ikasle tituludunak enplegatzeko estrategia berriak akuilu gisa plantea ditzan, egun praktika programei lotuta diren estrategiak trinkotuz. XXI. mendeko gizarteari XXI. mendeko unibertsitate eta estratejiekin erantzun behar diogu.  ●

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak