Laneratze eraginkorrerako programazioa inplementatu

Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Gazteen laneratzea ez da kontratu bat sinatzearekin hasten edo amaitzen den gertaera. Beraz, gazteen laneratzeaz gogoeta egiterakoan prozesu bat dela pentsatu beharko genuke. Prozesu horretan eragile desberdinak eta unean uneko metodologiak daude. Eragile horiek eta metodologiak egoki uztartzeak arrakasta dakarkio pertsonari, organizazioari eta Herriari. Aldiz, laneratze prozesu desegoki batek hainbat arazo eta egindako ahaleginen galera hein batean.

Lanak era askotakoak izan litezke, gure gizartean badira diruz ordaintzen direnak eta ez direnak. Denak izan litezke lan, baina oso kontuan hartu beharrekoa da gure gizartearen ezaugarri ekonomiko eta kulturalek munduko gizarte teknologikoenen artean kokatzen gaituztela. Beste modu batera esanda, gure gizartean herritar izateak edo bere organizazio batean lan egiteak trebetasun bereziak eta formazio jasoa eskatzen ditu. Beraz, laneratzeak ere, halakoa behar du.

Laneratzeaz ari garela, beraz, eraginkortasuna dugu xede. Eraginkortasuna ez da, ordea, produktibitatearen arabera soilik neurtu behar. Enpresa edo jarduera profesional jakin batean hasi berria denarentzat ibilbide eraginkorra prestatu behar da, lan egiten ikasteaz gain, bere profesionaltasunean urratsak ematen joan dadin (antolaketa, planifikazioa, lankideekiko harremana, arazoen aurrean jarrera egokia…). Azken batean, eskolako aldia jarduera profesionalarekin uztartuz lanbidearen zein lan dinamikaren trebetasunak bereganatzen joateko modua prestatu behar zaio.

Izan ere, hazkunde personala eta profesionala bermatzen ez duen laneratze prozesuak ondoren nekez ekarriko du gero eta profesional prestatuago eta prestuagoak izatea oraingo titulatu berriak, eta are gutxiago organizazioaren baitan ekarpen emankorrak egitera eramango. Jakintza arloari dagozkion xehetasunez gain, beraz, jarduerari dagozkion trebetasunak ere jaso behar ditu, baina horretaz gain, ezinbestekoa da lanaren inguruko ikuspegi profesionala eta lan talde gero eta dinamikoagoetan lan egiteko prestatzea. Arestian esan bezala, izango da produktibitatea besterik bilatzen ez duen laneratze prozesurik, izango da lanaren ordaina beste interesik ez duenik. Baina bat zein beste, momentuko egoerak dira, ibilbide profesionalak bestelako jarrerak eta aukerak eskatzen ditu.

Gure herriak maila kultural jasokoa izaten jarraituko du, egiten duen lanari edo bestek eskaintzen dizkioten zerbitzuei gero eta eskakizun jasoagoak egiten dizkiona. Laneratze gehienak, beraz, prozesu konplexuak izango dira lehenago edo beranduago eta komenigarria da hasieratik orientazio hori ematea proposatzen diren laneratze metodologiei.

Hurrengo urtetan lanak izango ditugu erretiroa hartzen duten profesionalen lekua betetzen. Zenbait jarduera zaharragatik itxi egingo dira edo desagertu. Gure herriak defizit nabarmena izango du gure ekonomiak eta gizarteak behar dituzten lanpostuak eta zerbitzuak mantentzeko. Gauzak horrela, ez gaude laneratze eskasak onartzeko.

Balio izan beza adibide moduan azken urteotan gertatu zaigunak. Atzeraldi ekonomikoa lehertu zenean kontratazioek berehalako etena izan zuten, geroztik lan erreforma desberdinak etorri zaizkigu. Hego Euskal Herrian eskubideen murrizketa nabarmena nozitu dugu. Atzeraldiak iraun duen urte hauetan titulatutako hainbat pertsonek lana topatzeko zailtasunak izan dituzte, are gehiago, euren ezagutza mailari ez zegozkion jardueretan jarri behar izan dute, ikastitakoaren zati handi bat bazterrean utziaz. Enpresen inbertsioak bertan behera gelditu dira eta biharko enplegua ekar zezaketen jardueretarako ez da kontratu berririk egin. Hitz gutxitan, gure herriak laneratze eraginkorra egiteko berebiziko premia du, baina bizi dugun egoerak auzitan jartzen du hori posible denik, eta hori baino larriagoa dena, jada gurekin den garai berri honetan eraginkortasunez erantzuteko aukerak murrizten dizkigu.

Formazio aldiak, beraz, dagokion diziplinaren ezagumenduak eskuratzeko baliagarri izateaz gain, organizazio batean edo nor bere kontura lan egiteko ezagumenduak barneratzea eskatzen du. Irizpide hori hezkuntza edukietan txertatu eta eguneratu beharko da hurrengo urtetan. Halaber, laneratzean ikasketa eta aldi berean dagokion gremioko enpresetan lanaldiak egitea ere eskatzen du. Beraz, enpresek ere, biharko profesionalen trebakuntzan praktikaldi asegarrien bidea ireki beharko dute. Asegarri diogunean, tutorizazio eta monitorizazio metodologiak aplikatzeaz ari gara. Azken hamarkadan laneratze bizkorrak ez digu utzi gure inguruan gertatu diren aldaketak sistematizatzen. Orain badakigu zertan den egoera, laneratze eraginkorrerako programazioa inplementatzea (Herri gisa jokatu) beste aukerarik ez.  ●

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak