Herri estrategia baten beharra

Xabier Gogenola
Errigorako koordinatzailetako bat

Errigoraren esperientziak emandako irakaspen ezberdinekin sartu orduko, artikuluaren galderari erantzuteko 3 ideia hauek azpimarratu nahiko nituzke:

1- Ikuspegi ekonomiko batetatik, bertako produktuak gure merkatuetan saltzeko lehen baldintza, eskaria egotea izango litzateke. Halabaina, merkatu globalizatuak, munduko beste puntako produktuak, bertakoak baino merkeago jartzen dizkigu ondoko dendan eta horrek, milloika eurotako publizitate kanpainekin batera, produktu horien kontsumora garamatza sarritan. Beraz, eskaria indartzeko beharrezkoa da bertokotasunak duen balio erantsia ondo identifikatu eta sozializatzea (tokiko garapena, ekonomia soziala, elikadura burujabetza…). Alegia kontsumo arduratsuaren ondorio positiboak ezagutaraztea.

2- Sektore ezberdinen arteko aliantza ere beharrezkoa da. Ekoizleen batasun handiagoa posible da bertakotasunaren defentsan. Kontsumitzaileon esparrua antolatzeko aukerak eta beharrak nabarmenak dira. Eragile politiko, sozial eta instituzionaletan garrantzia handiagoa beharko luke eraikuntza sozial eta nazionalerako hain potentzial handiko gai honek.

3- Elikadura burujabetzaren inguruko herri estrategia edo norabide bat ezin liteke falta.

Ez legoke gaizki, azken urteotan sortzen ari diren esperientzia eta ekarpen askotarikoek norabide konpartitu bat izatea eta nola ez guztion artean sinergiak sortzen hastea.

Baina eztabaidarako asko emango luketen ideia orokor hauetatik haruntzago, Errigorak orain arte izan duen ibilbide laburrak hainbat gauza ikustarazi dizkigu. Errigorarena, Nafarroa hegoaldetik Euskal Herrira begirako ekimen herritarra dugu. Elikadura burujabetza eta euskara plater berdinean aurkeztu eta milaka lagunek probatu duena. Hona esperientzia honetatik ateratako irakaspen batzuk: Nola heldu  daitezke bertako produktuak gure etxeetara?

1- Herrigintzak funtzio garrantzitsua joka dezake prozesu honetan. Borroka edo sozializazio ideologikoan, formula konkretuak planteatzerakoan, kontsumitzaile sareak eratzerakoan...

2- Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenaren bidez. Bitartekaririk ezak, kosteak murrizteaz gain, ekoizlea eta kontsumitzailea lehen planoan kokatzen ditu. Asteroko saskiak eramaten dituen baserritarra, olioa etxera eramaten dizun olio errota... Egunetik egunera adibide gehiago dago.

3- Hala ere bitartekaritza lana ere batzuetan beharrezkoa dela ikusten ari gara. Errigoraren bitartekaritza lana begibistakoa da. Ekoizleen esparrua antolatu, kontsumitzaile sarea eratu, eta auzolan ariketa bat proposatzen du zonalde batean soilik ekoizten diren produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko. Baina nork hartu beharko luke bere gain lan hori? Ekoizleek zailtasunak dituzte azken kontsumitzailearengana iristeko eta azken kontsumitzaileek ere zailtasunak dituzte bertako ekozleengana iristeko. Gehiago esango nuke, merkatari txikiek ere, zailtasunak dituzte bertako ekoizleengana heltzeko. Nork egin zubi lan hori? Nork antolatu potentzial guzti hori? Tresna berriak beharrezkoak direlakoan gaude.

4- Bertakotasunaren aldeko apustu garbia egiten duten erreferentzia eta markek, helburu honetan lagundu dezakete. Errigorak proposamen bat baino gehiago jaso du ekoizleen aldetik Errigora markapean ekimenaren irizpideak betetzen dituzten Nafar hegoaldeko ekoizleen produktuak merkaturatzeko. Prezio ez espekulatiboa, bertakoa… Irizpide hauek eta gehiago gardentasun osoz bete ezkero,marka horrek lortutako erreferentziak, elikadura burujabetzaren norabidean urrats berriak ematen lagunduko al luke?

5- Bertako produktuen aldeko apustua egingo luketen merkatari, ekoizle eta kontsumitzaileen mapa bat osatzeak, asko erraztuko luke guztien saretzean.

Bukatzeko, formulak anitzak eta osagarriak izan daitezkeela, baina bidea egin beharra dagoela uste dut. Sentsibilitate oso ezberdinak batu ditzazke elikadura burujabetzak eta erabakitzeko eskubide eta botere kuotak, urruneko multinazionaletatik hurbileko nekazari, ekoizle zein kontsumitzaileon eskuetara ekar ditzazke. Esperientzia txiki guzti hauek herri estrategia bateratu baten beharra dute eta norabide askotako ekarpen horrek emango digu bertako ekoizpena gure sukaldeetara iristeko aukera.  ●

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak