Sorogaineko bestak: mugaz gaindiko harremanak berreskuratzeko eguna

kazeta argazkia

Asteburu honetan ospatu dira Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiaren arteko mugak apurtu nahi dituen festak: Sorogaineko bestak. Mugak apurtu lelopean, bailararen bi aldetako gazteek elkarlanean antolatu dute aurtengo edizioa ere, Garaziko gaztetxeak, Auzperriko gaztetxeak eta Adur elkarteak lagundurik.

Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia lotzen dituen goi mendiko lur eremu zabala da Sorogain. Antzina,  artzaintza edo kontrabandoak lotzen zituen alde batekoak eta bestekoak, baina azken urteetan harreman horiek galduta zeudela ohartu ziren bertako gazteak. Hala, Auzperriko eta Urepeleko gazteek Sorogaineko eremuan ospakizun bat antolatzea erabaki zuten, gazteen arteko harremana sendotzeko.

Egun osoko festa honek jarduera anitz bildu ditu eta protagonismo berezia izan du, nola ez, artzaintzak, besteak beste, zakur artzainen txapelketa, gazta ekoizleen txapelketa edota merkatua egin baitira. Horrez gain, bertsoak eta kontzertuak ere antolatu dira, beti ere, aniztasunaren alde eginez eta Hego nahiz Ipar Euskal Herriko pertsonak eta taldeak ekarrita.

Festa giroan ospatu bada ere, egun honek mugaz gaindiko gazteen topaketa du helburu eta bailarako bizia ere erakutsi nahi da, tokiko merkataritza sustatzeko.

 

Azken Albisteak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak